Markak lagun, mailaren ispilu
Tximista Atletismo Taldeak emaitza onak poltsikoratu ditu Euskadiko Atletismo Txapelketan. Atletak beraien markekin "pozarren" daudela azaldu dute klubetik.
Tximista Atletismo Taldeko kideak sasoi bete-betean daude. Iragan asteburuan Donostian Euskadiko Atletismo Txapelketa lehiatu zuten klubeko partaideek; beste behin maila handia dutela erakutsita, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako talderik onekin lehian aritu ziren eta, gainera, behar gogorrak fruitua eman zien: ohorezko zenbait postu eskuratu zituzten kategoria desberdinetan.
Ines Lauzirika Erkiaga lekeitiarrak bigarren postua eta, ondorioz, zilarrezko domina lortu zuen, luzera jauzian. 11.61eko marka paregabea egin zuen. 800 metroko lehian, Ainara Plaza Agirre gizaburuagarra seigarrena izan zen, 2.24,15eko denbora eginda.
Barrutia Atletismo Elkarteko Urtza Agirre ondarrutarrak, bere aldetik, 200 metroko eta 400 metroko lasterkaldietan marka sendoak ezarri zituen. Lehendabiziko proban, 26.35 denboragaz osatu zituen lanak; bigarrenean, ostera, B multzoko finalean aritu zen, eta 58.75eko marka egin zuen.
Paul Lauzirika Erkiaga merezimendu handiko zazpigarren postuan sailkatu zen altuera jauziko proban; 1,75 metroko marka lortu zuen lekeitiarrak. Bere herrikide Nicole Cuenca Antelo ere ez zen inondik inora gutxiago izan pisu jaurtiketako norgehiagokan. 7,72ko marka pertsonal txukuna eskuratu zuen Cuencak. Emakumezkoen 60 metroko proban, Durango Kirol Taldeko Irati Solabarrieta Bilbaok bosgarren postuan amaitu zuen proba, 8.07ko denbora eginda. Gizonezkoen 400 metrokoan, aldiz, bere neba Unaxek laugarren postua eta 51.25eko denbora eskuratu zituen. Tximista AT ez ezik, Durango KT ere goiko kotan aritu zen, talde horretako Damian Ares Urrestik podiumean, hirugarren, amaitu baitzuen gizonezkoen luzera jaurtiketa; berriatuarrak 6.72ko marka lortu zuen.