Musika, gastronomia eta kirola uztartuko dituzten sanbizenteen esperoan
Zapatuan eta domekan ospatuko dituzte San Bizente jaiak, Munitibarren. Karpak eta frontoiak hartuko dituzte ekimen gehienak. Eskualdeko herrietatik, Gababus zerbitzua egongo da.
Munitibartarrak San Bizente jaiei begira daude. Herriko lau jaietako bat dira ; beraz, esangura handia dute herrian. Hortaz, herritar denei egokituriko egitaraua atondu dute. Zapatu eguerdian ekingo diote ospakizunei. Gaztetxoenei plaza emanez, pilotalekua jolasgune bilakatuko da, han ipiniko baitituzte haurrentzako jolas eta puzgarriak. Handik hurre, plazako karpan, pintxo dastaketan elkartu ahalko dira herritarrak, 13:00etan. Arratsaldean ere ez da jairik faltako: 19:30ean, karpatik abiatuko da kale eta tabernak hartuko dituen karro poteoa.
Joan-etorriko ibilbidea eginda, hasitako leku berberean, karpan, amaituko dute poteoa, eta egitarauko gailurrari ekingo diote: kontzertuei. Beste urte batez, eskualdeko edota inguruko musika taldeek Munitibarko oholtzara igotzeko aukera edukiko dute. Aurten, Gernika-Lumoko Feline eta Agur taldeak izango dira protagonista; lehenengoek Jan Zu euren azken lana aurkeztuko dute, eta bigarrenek, ostera, Garena Gara izenekoa. Horiez gain, Algortako Arene 6 taldea ere taularatuko da. Gaualdia borobiltzeko, Gora Etorri taldeak munitibartarrak eta bertaratzen direnak dantzan ipiniko ditu.
Domeka arratsaldean, umeen esku pilota partiduak jokatuko dituzte lehenengo, eta nagusi mailakoenak ondorejn
Domekan, 13:00etan, berriro dastatu ahalko dira pintxoak karpan, baina bigarren txanda hori Etxebarria aita-semeen trikiti doinuez girotuta egongo da. Arratsaldean, ume zein nagusien esku pilota partiduak egingo dituzte, aurtengo San Bizente jaiak goi-goitik burutzeko.
Eskualdeko herritarrentzat.
Lea-Artibaiko hainbat udalerritatik Munitibarrera joateko aukera egongo da, Gababus zerbitzuari esker. 21:00etan aterako dira autobusak; itzulera orduak, ohi bezala, 03:00etan eta 05:00etan izango dira.
EGITARAUA:
Urtarrilaren 20a, zapatua.
12:00. Umeentzako puzgarriak, herriko pilotalekuan.
13:00. Pintxo jana, karpan.
19:30. Karro poteoa, karpatik.
22:00. Zuzeneko musika, karpan: Feline, Agur, Arene 6 eta Gora Etorri.
Urtarrilaren 21a, domeka.
13:00. Pintxo jana, karpan, Etxebarria aita-seme trikitilarien musikak girotuta.
17:00. Umeen esku pilota partiduak, pilotalekuan.
18:30. Nagusien esku pilota partiduak, pilotalekuan.