"Arantxa Tapiak" irabazi du Markina-Xemeingo Gazte Asanbladaren bertso saioa
Antolatzaileak urteroko bertso saioagaz "oso gustura" geratu dira. Euskal Herriko sukaldari onena aurkitzeko helburuagaz aritu ziren, eta Nerea Ibarzabalek (Arantxa Tapia) irabazi zuen saioa.
Inauterien aurreko urteroko hitzordu bihurtu da Markina-Xemeingo Gazte Asanbladaren bertso saioa. Pasaden zapatuan [urtarrilak 27] elkartu ziren herritarrak Akerbeltz Gaztetxean. Sarrera guztiak agortuta, antolatzaileak “oso oso gustura” daude bai herritarren erantzunagaz eta baita bertso-saioagaz ere.
Master Chef Celebrity telebista saioaren gaztetxeko bertsioa egin zuten, Euskal Herriko pertsona ezagunen arteko sukaldari onena aurkitzeko helburuagaz. Gaztetxef Celebrity izenburupean bertsotan aritu ziren herriko nahiz inguruko bertsolariak: Joseba Sololuze (Jon Maia), Aissa Intxausti (Julian Iantzi), Nerea Ibarzabal (Arantxa Tapia), Josune Aramendi (Josune Arakistain), Lander Ibarluzea Aitxulua (Alex Txikon) eta Sara Asenjo (Maialen Chorraut).
Iaz bakarka egitea erabaki zuten, eta aurtengoan ere formatu berdina erabili dute. Hala ere, hainbat ariketa binaka edo hirunaka egin zituzten: “Lehenengo denak batera aritu ziren, ostean binaka jolas batzuk egin zituzten eta kopletan ere aritu ziren. Ariketetako batean, esaterako, bi bertsolari onenek taldeak egin zituzten: talde gorria eta urdina. Ariketa guztiak politak izan ziren”.
Arantxa Tapia (Nerea Ibarzabal) eta Josune Arakistain (Josune Aramendi) pasa ziren buruz-burukora, eta Tapiak eskuratu zuen txapela: “Batek irabazi zuen arren denei eman genien GazteTxef Celebrityren logoagaz egindako lepoko bat”. Egunagaz amaitzeko DJ Matrik saioa eskaini zuen: “Oso ondo egon zen dena, jendea oso pozik eta gustura egon zen”.