Kamiñalde eta Alde Zaharreko goiko kaleetarako sarbide eskaerak bideratzen hasi da udala
Baimen eskaeren erantzunak bideratzen hasiko dira astean. Sarrera kontrolatzeko matrikula irakurgailuak ipini dituzte, baina oraindik ez daude martxan.
Alde zaharreko goiko aldera eta Kamiñaldera sartzeko baimen eskaerak kudeatzen hasi dira Udaltzaingotik. Eskaerak egin dituzten herritarrei erantzunak bidaltzen hasiko dira asteon eta gutun bidez helaraziko dira erantzunak.
Udaletik jakinarazi dutenez eskera ezeztatu zaien herritarren kasuan, ez da behin-betiko erantzuna izango, hau da, eskaera arrazoitu eta berriz ere onartzea eskatzeko aukera izango dute. “Ezezkoa ematearen arrazoia azalduko du Udaltzaingoak jakinarazpen horretan, eta eskaera onartu ahal izateko aurkako arrazonamendua egin beharko du interesdunak, idatziz”. Eskaerak egiteko epemugarik ez dagoela gogorarazi dute.
Horrez gain, sarrera irteerak kontrolatzeko matrikula irakurgailuak ipini dituzte, baina oraindik ez daude martxan. Udalak ohiko bideetatik jakinaraziko du martxan noiz jarriko duten.
Alde zaharreko goiko aldera eta Kamiñaldera sartzeko baimena izatea beharrezkoa izango dela gogorarazi dute, horrez gain, egunean behin izango du sarrera ibilgailu bakoitzak. “Gogoratu, iraileko herri batzarrera etorri ziren bizilagunekin adostu moduan, egunean behin sartu ahal izango dela ibilgailu bakoitza aipatutako gunera, ordu erdiz gehienez ere eta 10km/orduko abiadura errespetatuz”. Matrikula irakurgailuak martxan jartzen diren unetik urtebete igarota, balorazio batzarra egingo du udalak bizilagunekin batera.