Lekeitioko Kilin Kala Abesbatzak Bizkaiko Abesbatzen 50. Astean parte hartuko du
Etzi [urtarrilak 31] 20:00etan eskainiko dute kontzertua Bilboko Begoñako Andra Mariaren Basilikan; sarrera doakoa da.
Azken urteetan ezinbesteko hitzordu bihurtu da Lekeitioko Kilin Kala Abesbatzarentzat Bizkaiko Abesbatzen 50. Astean parte hartzea. Pasa den astelehenean [urtarrilak 22] ekin zieten aurtengo asteari, eta otsailaren 9an emango diote amaiera. Urtero bezala Begoñako Andra Mariaren Basilikan ospatuko da topaketa, eta etzi [urtarrilak 31] izango dute hitzordua bertan lekeitiarrek; sarrera doan izango da.
90 ahotsek osatzen dute gaur egun abesbatza, Oihana Etxabe mutrikuarraren zuzendaritzapean. Abesbatzen Asteko kontzertu guztiak bezala, 20:00etan ekingo diote kontzertuei; lekeitiarrek beste hiru taldegaz elkarbanatuko dute oholtza: Santurtziko Ahots Zuriak Abesbatzagaz, Derioko Ipar Alde Abesbatzagaz eta Bilboko Garaizarko Matsorriak abesbatzagaz.
Musikaia Musika Eskolakoek azaldu dutenez, lau abesti abestuko dituzte Kilin Kala Abesbatzakoek. Suliko abesti georgianoagaz emango diote hasiera, Etxaberen moldaketagaz. Ostean, Aritz Adarrean eta Kattalin abestiak eskainiko dituzte, Julen Ezkurraren moldaketagaz. Hirugarrena, Kyrie abestia izango da, Dante Andreorena. Kontzertuagaz amaitzeko Junkal Guerreroren Mutil Txaleko Gorri abestia eskainko dute, eta Kilin Kala-koek ez ezik, herriko Etorkizuna Dantza Taldeko Ane eta Olatz Maruri Basterrika ahizpek parte hartuko dute.
Abesbatzakoak, pozik. Etxabek azaldu du aurtengoagaz hirugarren aldia izango da lekeitiarrek Bilboko Abesbatzen Astean parte hartzen dutena, eta “gustura eta ilusioz” hartu dutela aurtengoa ere : “Pandemia aurretik hasi ginen. Pandemiagaz gelditu egin zen, eta iaz berriro parte hartu genuen. Proiektua bera oso polita da ze abesbatza ezberdinekin sortzen dute kontzertua: lau abesbatzen arteko kontzertuak dira egun bakoitzean. Guretzako, alde batetik, Begoñako basilikan abestea oso ederra da basilika ikusgarria delako. Bestetik, gure herritik kanpora gure lana aurkezteko aitzakia ezin hobea da, eta guretzako hori oso aberasgarria da. Tradizio bilakatzen ari den kontzertua da”.