Liztor asiarren eta erleen inguruko hitzaldia eskainiko dute bihar Etxebarrian
Joxean Ostolaza eztigileak emango du hitzaldia liztor asiarrek sortzen dituzten arazoak ezagutarazteko. Bihar [otsailak 7] 19:00etan jarri dute hitzordua, kultur aretoan.
Liztor asiarrek sortzen dituzten arazoak ezagutu eta bertoko erleengan eta inguruarengan duten eragina nolakoa den ezagutzera emateko asmoz, Lea-Artibai Landa Garapenerako elkartea eta Bizkaiko Foru Aldundia elkarlanean aritu dira. Hori horrela, hitzaldia eskainiko du Joxean Ostolaza eztigileak bihar [otsailak 7], 19:00etan, Etxebarriko kultur aretoan.
Lea-Artibai Landa Garapenerako Elkarteko kideek azaldu dutenez, hitzaldian liztor asiarra zer den ezagutzeaz gain, erleengan duen eragina ezagutu ahal izago da: “Gure erleengan ez ezik, guregan eta inguruarengan ere eragina dute, eta hori azalduko du Ostalazak hitzaldian. Horrez gain, baita euren bizi zikloa nola den ere, bertoko erlearen bizi zikloarekin alderatuz”.
Liztor asiarren erregina harrapatzeko momenturik egokiena urtarrila, otsaila eta martxoa bitartean dela adierazi dute, eta horretarako tranpak banatuko dituzte parte hartzaileen artean: “Oraindik ez daukagu material guztia tranpak emateko, baina, materiala daukagunean herritarren artean banatuko dugu euren etxean, inguruan, edo kabia ikusi duten tokietan jartzeko”.
Helburua denen artean liztor asiarren kopurua jaistea den arren, kopuruz “asko” daudela nabarmendu dute: “BFAk datuak argitaratzen ditu zenbat aldiz bota edo apurtu behar izaten dituzten liztor asiarren habiak, eta egia esan, asko da. Urtez urteko datuak ateratzen ditugu eta ematen duenez liztor asiarren populazioa handitzen doa, beraz, garrantzitsua da herritar bakoitzak bere aportazioa egitea, bakoitzak bere borondatetik”.