Ondarroako Udalak tabernen ordutegia luzatzeko aukera izango duten egunak jakitera eman ditu. 13 egun zehaztu ditu eta egun horietan gehienez ere bi ordu luzatu ahalko du taberna bakoitzak lizentziak bermatzen dion ordutegia. “Orain arte, urtea aurrera joan ahala erabaki da zein egunetan egin luzapen horiek, eta uste dugu garbiagoa eta justuagoa dela guztiontzat hasieratik definituta egotea”, adierazi dute udal ordezkariek.
Batetik, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legearen 18. artikuluak udalari ahalmena ematen dio ikuskizunak eta bestelako ekitaldiak direla-eta establezimenduen ordutegiak luzatzeko, erregelamendu bidez aurreikusten diren kasu eta moduetan. Bestetik, abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuaren 12. artikuluak ere ahalmena ematen die udal-agintariei, herriko jaiak, Aste Santua, Inauteriak, Gabonak eta bestelako ospakizunak direla-eta aurreikusitako ordutegia gehienez ere 2 orduz luzatzeko, udal-organoek ezarritakoaren arabera.
Aipatutako legedia baliatuz, udalak urtean 15 egunetan salbuetsi dezake tabernak ohiko ordutegitik haratago bi ordu gehienez luzatzeko aukera emanez. Udaletik zehaztu dutenez 2023ko abenduan herriko taberna guztiei gutun bat helarazi zitzaien “banan-banan eta eskuz”, luzapenak zein egunetan egin proposatzeko aukera ematen, baina ez zuten erantzunik jaso tabernen aldetik. “Proposamen horiek urtarrileko lehen asterako helarazi behar ziren udaletxera, baina proposamen bakar bat ere jaso ez denez, udalak erabaki du zein egunetan luzatu ahalko duten tabernek euren itxiera ordutegia”.
Datozen urteetan ere egunen zerrenda urte hasieran zehaztuko dutela adierazi dute. “Denok jakin dezagun hasieratik zein ordutegi luzapen dagoen baimenduta, horrela, bizilagunen atsedena ere errespetatzeko”. Horrez gain, ostalaritzaren gaueko ordutegiak kontrolatzeko eskumena Ertzaintzari dagokionez, udalak erabakiaren berri eman dio.
Luzapenak egin daitezkeen egunen zerrenda:
- Otsailak 10 [zapatua]: Inauterietako zapatua.
- Maiatzak 18 [zapatua]: Antxoa Eguna.
- Ekainak 29 [zapatua]: Zapato Azule.
- Abuztuak 10 [zapatua]: Andra Mari jaien aurreko zapatua.
- Abuztuak 13 [martitzena]: Gazte Eguna.
- Abuztuak 14 [eguaztena]: Andra Mari bezpera/Amnistia Eguna.
- Abuztuak 15 [eguena]: Andra Mari Eguna.
- Abuztuak 16 [barikua]: Kuadrilla Eguna.
- Abuztuak 17 [zapatua]: Arrantzale Eguna.
- Abenduak 21 [zapatua]: Gabonen aurreko zapatua.
- Abenduak 24 [martitzena]: Gabon gaua.
- Abenduak 28 [zapatua]: Gabonetako zapatua.
- Abenduak 31 [martitzena]: Gabon Zaharra.