Armagintzaren aurkako jardunaldiak egongo dira Markina-Xemeinen
Armagintzarekin moztu plataformak antolatu du jardunaldia. Bihar [otsailak 15] 'Gerra hemen hasten da' dokumentala proiektatuko dute.
Armagintzarekin moztu Markina-Xemeingo plataformak armagintzaren aurkako jardunaldiak antolatu ditu. Dokumental baten proiekzioa, liburu baten aurkezpena eta kontzentrazioa egingo dituzte otsailaren 22ra bitarte.
Hain zuzen ere, bihar [otsailak 15] 18:30ean emango diote hasiera jardunaldiari Gerra hemen hasten da dokumentalaren proiekzioagaz, Esperantza aretoan. Ongi Etorri Errefuxiatuak-Bizkaia kolektiboaren dokumentala da, eta Euskal Herriko armen ekoizpena azaleratzen dute Bilboko Portuan egiten den armen trafikoan fokua jarriz. Etzi [otsailak 16] berriz, ordu eta toki berean Antimilitaristak EH taldearen La SAPA de los Aperribay liburuaren aurkezpena egingo dute; liburuan gerrarako euskal industriaren funtzionamendua erakustarazten da.
Jardunaldiei amaiera emateko otsailaren 22an jarri dute azken hitzordua. 19:30ean Markina-Xemeingo udaletxe aurrean elkartuko dira Gerraren negozioa heriotzaren negozioa da! Gerra inperialistarik ez! Armagintzarik ez! lelopean kontzentrazioa egin eta armagintzarekin amaitzeko aldarrikatuz.