Etxebarriko Pazkoetako idi probetan parte hartzeko izena martxoaren 10ean eman beharko da
Etxebarriko udaletxera deituta inskribatu beharko da. Apirilaren 5etik 8ra bitartean jokatuko dute 69. sari nagusia.
Pazkoetako idi proben 69. aldia izango da aurtengoa, eta Etxebarrian jokatuko da sari nagusia apirilaren 5etik 8ra bitartean, probalekuan. Idi deman parte hartu nahi dutenek martxoaren 10ean 12:00etatik 13:00etara deitu beharko dute Etxebarriko udaletxera (94-616 64 32). Azaldu dutenez, parte hartzaileen zerrenda eta saioak egun berean jakinaraziko dituzte.
Aurtengoan ere sari potoloak jaso ahalko dituzte bai irabazle eta baita parte hartzaileek ere, izan ere, hamabi saritik gora jasoko dituzte partaideek: irabazleak 1.600 euro eta Ituarte Pentsuaken manta jasoko du. Horrez gain, hamabigarren postutik atzera geratzen direnei, gutxienez 25 untze eginez gero 500 euroko dieta emango diete. Lea-Artibai eskualdeko lehenengoak ere saria jasoko du: 300 euro eta Ezenarro Aroztegiaren akuilua, hain zuzen ere.
Baldintzak. Partaide guztiek 1.500 kiloko harria erabiliko dute. Horrez gain, idi-pare guztiek 1.140 kiloko pisua edukiko dute oinarrian, eta idi buztarri pare bakoitzak bi akulari eroan beharko ditu. Idi pare bakoitzari dagokion eguna antolatzaileek aukeratuko dutela azaldu dute, eta partaideak onartzeko eta baztertzeko eskubide osoa edukiko dute. Idiak goizeko 10:00etarako probalekuan egon beharko dira, pisatzeko. Lehiaketa kontrola Euskal Herriko Kirol Federazioak eroago du, eta proba guztietan dopin kontroleko arauak betetzen direla bermatuko dute; zalantzarik egongo balitz horietan jasotako erabakiak onartuko dituzte.