Munitibarko irakurle taldea 'Itzalen distira'-ren inguruan bilduko da
Arrate Egaña Gimenez gipuzkoarraren obra landuko dute barikuan [otsailak 23], 19:00etan hasita.
Munitibarko Euskera Batzordeak eta herriko liburutegiak, elkarlanean, irakurle taldea antolatu dute, auditorioan. Munitibartar literaturzaleak eta euskaltzaleak elkartzeko espazioa izango da. Datorren barikuan [otsailak 23], 19:00etatik aurrera, Arrate Egaña Gimenez idazle oreretarraren Itzalen distira lanaren inguruan ariko dira; idazlea bera ere solasaldian egongo dela aurreratu dute. 2022an Erein argitaletxeagaz argitaratutako elaberri horretan denetariko pertsonaien ikuspuntuak pilatu ditu Egañak.
Honakoa dio liburuaren sinopsiak: “Oroitzapen gogaikarri bat atzean uzteko beharra duen preso ohia. Aitarenn hileta-elizkizuna fede-krisi batean dagoen apaizaren esku utzi nahi duen andre ateoa. Leihotik ikusten duen neskatxa batenganako obsesioak jotako atsoa. Ehiztariek utzitako hondakinak garbitzeko ardura hartu duen neska parea. Iktus bat izan ostean azkenekoa izan litekeen bidaia aspergarria”.