Ondarroako EAJk agintaldi planik ez edukitzea egotzi dio EH Bilduri
Zaldupeko proiektua 12 urteko atzerapenagaz datorrela eta Aurrera Kirol Elkarteak sustatutako proiektua dela diote.
Otsailaren 15eko udalbatzan aho batez onartu zen Zaldupeko aldagela berriak egiteko proiektua. Ondarroako EAJk proiektuaren aldeko bozka eman zuen, baina baiezkoa “kritikoa” izan dela zehaztu dute. “EAJtik proiektuaren alde bozkatu dugu, gure programan daramagunarekin koherentea den proiektua delako eta Zaldupeko Futbol Zelaiaren beharrak ezagutzen ditugulako, baina gure aldeko botoa kritikoa izan da”.
Lehenik proiektuaren atzerapena mahai gaineratu dute. “12 urte igaro dira Zaldupeko zelaia berritzeko proiektuaren berri izan genuenetik”. Hasiera batean proiektua bi fasetan gauzatzea aurreikusten zela diote jeltzaleek eta 2013an amaitu zela lehenengo fasea; belar artifiziala jarri eta landa zabalgunea, argiztapena eta ureztapena egokitzea. “Bigarren fasea aldagela eraikitzeko fasea izango litzateke eta hau da falta dena, eta ez ohiko bilkuran onartu duguna”.
Horrez gain, proiektuaren sustatzailea Aurrera Kirol Elkartea izan dela adierazi dute. “EH Bilduren udal gobernuek ez dute hurrengo urteetan proiektuarekin jarraitu eta Aurrera Kirol Elkartea izan da ekimena eskuetan hartu duena, Aurrera eta udalaren arteko akordiora iristeko”. Zaldupeko egunerokotasunari erantzuteko “nahitaezko da instalazio egokiak izatea”.
Zaldupeko proiektuaz gain, Kamiñazpiko igogailuaren proiektua eta Alde Zaharreko Goiko Aldeko eta Kamiñaldeko zirkulazioa murrizteko proiektuaren alde agertu dira jeltzaleak. Baina EH Bilduren udal gobernuak agintaldirako planik ez duela aurkeztu salatu dute: “Gobernu taldeak ez du aurrekontua aurkeztu, ezta agintaldirako plana ere”. Horren aurrean, “zer egin beharko litzatekeen” planteatu dute: Kalandiko igogailu proiektua, Artabideko igogailua, aparkalekuak kokatzeko beharrak eta alternatibak aztertzea, HAPO martxan jartzea, Kamiñazpirako proiektu integrala burutzea eta merkatu plaza berriztatzeko proiektua.
“EAJtik eskua luzatzen diogu udal gobernuari Ondarroak duen beharrizanei erantzuteko, eta asko direnez, lehentasunen inguruko akordioetara iristeko. Gaur agun eskua luzatzen diogu oraindik gauzatu ez den elkarlana sustatu dadin, adibidez, Ondarroako arazoei erantzuteko alderdi bien aldizkako bilerak, ez baitugu EH Bilduren partetik hitz onetan bakarrik geratzea nahi”.
Aurrera Kirol Elkarteak “herriko taldeak eztabaida politikoan ez sartzeko” eskatu dio EAJri. “EAJk esandakoa ez dator bat errealitatearekin, udala eta Aurrera eskutik joan gara proiektu honetan eta elkarlana izan da proiektuaren oinarria”.