Sakelako telefonoen erabilerari buruzko hitzaldia egongo da eguenean Markina-Xemeinen
'Noiz erosiko diegu sakelakoa?' hitzaldia emango du Miren Rosek 18:00etan kultur aretoan.
Markina-Xemeingo kultur aretoan sakelako telefonoen erabilerari buruzko hitzaldia egongo da eguenean [otsailak 22], 18:00etan. Gurasoentzako edo informatu nahi duen edonorentzako Miren Ros eibartarrak Noiz erosiko diegu sakelakoa? hitzaldia eskainiko du, eta ostean solasaldia egingo dute. Antolatzaileek jakinarazi dute solasaldiak irauten duen bitartean zaintza zerbitzua eta itzulpen zerbitzua egongo direla.
Ibilbide luzea. Rosek 2015ean Bidelagun izeneko proiektua abiatu zuen: “Familiei laguntza emateko proiektu bat da, gai jakinei buruzko hitzaldiekin, tailerrekin eta guraso eskolekin”. Hainbat gai lantzen dituzten arren, sakelakoena gai “izarra” dela dio Rosek, eta horri tiraka, beste zerbait egiteko beharra sentitu zuen. Izan ere, Rosek ziur dio errealitatean helduek, eta are gutxiago nerabeek, ez dakitela zein trensa potentea den sakelakoa: “Ez dute behar; hau ez da jostailu bat, tresna oso potentea da”.