Zaldupeko aldagelak berritzeko proiektua onartu da
Aurrera Kirol Elkartea "pozik eta eskertuta" dago lortutakoagaz. Lanek iraun bitartean Zaldupen entrenatzen eta jokatzen jarraituko dutela zehaztu dute.
Otsailaren 15eko ez ohiko bilkuran aho batez onartu zen Zaldupen aldagela berriak egiteko proiektua eta lehiaketara atera da. Aurrera Kirol Elkartea “pozik eta eskertuta” agertu da erabakiaren aurrean.
Proiektuak 2,8 milioi euroko aurrekontua edukiko du eta otsailaren 16an argitaratu zen lizitazioa, hortaz, hilabeteko epea dute enpresek eskaintzak aurkezteko; obrak hasteko ipinitako eguna apirilaren 22a da. Ondarroako Udalak 500.000 euroko dirulaguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik eta laguntzaren baldintzetako bat da abenduaren 31rako obra amaituta egotea.
Zaldupeko eraikinak 50 urte baino gehiago ditu eta zuzendaritzaren esanetan gabeziak ere ugariak dira. “Aurrerako zuzendaritzan sartu ginenean argi geneukan Zaldupen aldagela berriak egitea zela gure proiektuaren oinarri nagusia, klubaren etorkizunerako inbertsiorik onena. Ahal bezain laster eseri ginen udalarekin, duela hiru urte, eta ordutik eskutik joan gara, elkarlanean, asmo hau burutzeko helburuagaz”.
Eraikinak 9 aldagela, taberna, komunak, gimnasio txikia, biltegia, batzar gela eta epaileentzako gela hartuko ditu, denak solairu bakarrean.
Aurrez bi proiektu eginda zituen udalak, 2012an eta 2017an. Hortaz, hirugarren proiektua Aurrerak ordaindu du, “uste genuen ez zela bidezkoa hirugarren proiektua ere denon dirutik ordaintzea”. Urteetan luzatu den proiektua bideratzea lortu dute Aurrera Kirol Elkarteak eta udalak. “Elkarlana izan da proiektuaren oinarria, eskutik joan gara eta oso pozik gaude. Argi laga nahi dugu elkarlanarena, gaizki ulertuak ekiditeko. Aurreko agintaldiko udal gobernuarekin hasi genueun guztia, batzarrak eginez, eta orain gauzatuko da”.
Eraikinak 9 aldagela, taberna, komunak, gimnasio txikia, biltegia, batzar gela eta epaileentzako gela hartuko ditu, denak solairu bakarrean. “Gaur egun dagoen lekuan joango da eta sarrera kiroldegiko paretik edukiko du. Eraikinak, kirolariei ez ezik, ikusleei ere ekarriko dizkie abantailak, oraingo komunak edo taberna, esaterako, ez baitira irisgarriak“. Horrez gain, aldagelak herriari zabalik egon behar direla zehaztu zuten hasiera batetik udalak eta kirol taldeak. “Erabilgarri egon behar dira herrian kirol ekitaldi handiak daudenean, Boga martxa moduko ekitaldi jendetsuak, esaterako”.
Aurrerako zuzendaritzak ezinbestekotzat jo du aldagelak egitea nesken taldeak jarraipena izateko. “Orain arte 7ko futbol taldeak izatea baino ez dugu lortu, eta ezin izan dugu inoiz 11ko futbolerako jauzia eman. Azpiegitura berriekin ea beste bultzada bat eman eta nesken futbola sustatzen eta handitzen jarraizeko aukera aprobetxatzen dugun”.
Lanek iraun bitartean Zaldupen entrenatzen eta jokatzen jarraituko dutela zehaztu dute. “Daukagun aldagela prefabrikatuekin eta kiroldegiko bi aldagelarekin konponduko gara. Kiroldegiarekin hitz egin dugu, eta ordutegiak zehaztea falta zaigun arren, adostasunera helduko gara. Oso eskertuta gaude”.