Geuretik Sortuak bekagaz sortutako 'Hamarreko bitxia' liburua aurkeztuko dute Ziortza-Bolibarren
Hamar idazlek idatzitako narrazio laburrek osatzen dute liburua. Maddi Arozena eta Lutxo Egia idazleak aurkezpenean egongo dira; Arozenak Ziortza-Bolibarren oinarritutako narrazioa idatzi du.
Geuretik Sortuak bekak eman ditu bere fruituak beste behin ere, eta pixkanaka proiektuak herritarrei aurkezteko unea ere heldu da. Ziortza-Bolibarren barikuan [otsailak 23] jarri dute hitzordua, 18:30ean, udaletxean. Bertan egongo dira Maddi Arozena eta Lutxo Egia Hamarreko bitxia hamar narrazio laburrez osatutako liburua aurkezten.
Arozenak Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan Ziortza-Bolibarren bi egonaldi egin ditu, Gollebarren erroak luze eleberri laburra idazteko: “Udan bi egonaldi egin zituen herrian, eta herritarrekin egon zen jendea eta istorioak ezagutzeko. Hori oinarritzat hartuta egin du bere sormen lana”. Lutxok, berriz, Seguran egin zuen egonaldia, eta Lisboako lausoa izeneko narrazio laburra idatzi du.
Lutxo eta Arozenaren narrazioekin batera Jon Abril, Maite Aizpurua, Saioa Alkaiza, Idoia Etxeberria, Edorta Jimenez, Maitane Perez, Gaizka Sarasola eta Ainhoa Urienen narrazioek osatzen dute liburua. Liburuaren azala, berriz, Ainara Azpiazuk, ‘Axpi’, egin du.
Aurkezpenaren ostean, herritarrek idazleei galderak egin eta solasaldia egiteko aukera edukiko dute. Gainera, liburua salgai egongo da bertan, eta bateren bat zozkatu ere egingo dute: “Ez da sarrerarik behar. Jendea etor dadin animatzen dugu, interesgarria izango da”.
Hurrengoak. Andoni Lariz Ziortza-Bolibarko alkateak aurreratu duenez, Geuretik Sortuak ekimeneko beste hainbat ekintza ere egongo dira herrian urtea amaitu orduko, besteak beste, Hona bostekoa! komiki erakusketa maiatzean, eta Eucalyptus eta Eraitsi S.L. antzezlanak ekainean eta uztailean.