Lea-Artibain Osakidetza "gaixorik" dagoela salatzeko elkartu dira Markina-Xemeinen
Elkarretaratzean elkartu ziren atzo [martxoak 7] herriko nahiz eskualdeko hainbat biztanle. Elkarretaratzearen ostean osoko bilkura egin zuen Markina-Xemeingo Udalak, eta Lea-Artibaiko EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zuten.
Lea-Artibaiko EH Bilduren deiari erantzunaz, Lea-Artibain Osakidetza gaixorik dago lelopean elkartu ziren atzo [martxoak 7] eskualdeko hainbat herritar Markina-Xemeingo udaletxe aurrean. Elkarretaratzearen ostean Lea-Artibaiko EH Bilduk aurkeztu duen mozioa onartu dute Markina-Xemeinen ere, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren kontrakoekin. Lekeition eguazteneko [martxoak 6] osoko bilkuran aurkeztu behar zuten arren, arrazoi tekniko baten ondorioz hurrengo osoko bilkuran aurkeztuko dute mozioa.
Horiez gain, Ondarroan, Ziortza-Bolibarren, Mendexan eta Berriatuan joan den astean onartu zuten mozioa, eta Lea Ibarreko Amankomunazgoak ere bat egin du mozioan aurkeztu dituzten proposamenekin.