Iñaki Trujillo izan da garaile Markina-Xemeingo 33. Sabin Foruria Haitzasko Oroimenezkoan
Haizeak eta erorketek lasterketa baldintzatu duten arren, lehiakortasun aldetik "ikusteko polita" izan da. Eskualdeko azkarrena Egoitz Aranzeta berriatuarra izan da.
136 txirrindulari ibili dira Lea-Artibaiko errepideetan barrena gaur [martxoak 9] Markina-Xemeingo 33. Sabin Foruria Haitzasko Oroimenezkoan; 117 kilometroko ibilbidea amaitzea lortu dute parte hartzaile gehienek.
Markina-Xemeinen eman diote hasiera lasterketari, 09:45ean. Lasterketa denek batera hasi duten arren, haizeak eta erorketek baldintzatu dute askoren jarduna, hala adierazi dute Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkartekoek: “Erorketek baldintzatu dute lasterketa. Haize zakarra egon da, eta gainera denboraldi hasierako lasterketa da. Beraz, urduritasunez aritu dira txirrindulariak eta erorketa batzuk egon dira”. Hala ere, ez dira erorketa larriak izan, eta lasterketa gorabeheratsua izan den arren, “ikusteko oso polita” izan dela aitortu dute: “Orokorrean, lasterketa polita izan da, batez ere lehiakortasun aldetik. Talde eta txirrindulari onak etorri dira, goi mailan daudenak, profesionaletara pasatzeko aukera dutenak. Ikusteko oso polita izan da”.
Hori horrela, 136 parte hartzaileetako zortzi geratu dira buruan, zazpi talde desberdinetakoak. Euren arteko lehian heldu dira helmugara, eta hiru orduko lasterketaren ostean, Iñaki Trujillok lortu du txapela, azken esprintagaz: “Lasterketa nahiko kaotikoa izan da. Hasieran, Ondarroatik Lekeitiorako bidean apur bat apurtu egin da lasterketa, baina ondoren berriro denok elkartu gara, eta ia-ia amaierara arte horrela egin dugu lasterketa. Lekoizganera heldu garenean taldetxo bat batu gara, eta handik helmugara heldu gara denok. Pozik nago lortutakoarekin, oraindik ezin sinetsita”.
Txapela ez ezik, Euskaldun Torneoko lider berria ere bada Trujillo. Podiuma Ander Ganzabal Bilbaok eta Eder Ruiz de Balugera Barredok osatu dute, eta talde onenaren saria Laboral Kutxak lortu du. Eskualdeko onenaren saria, berriz, Egoitz Aranzeta berriatuarrak eskuratu du, hamalaugarren postuan: “Nahiko ondo joan da lasterketa. Azken zatian, Lekoizganen, apur bat falta izan zait aurrekoari eusteko, baina tira, orokorrean sentsazio onak ditut. Lortutakoarekin pozik geratu nahiz, ahal nuen aurreren geratzera etorri naiz, eta dena eman dut. Beraz, helburu pertsonala lortuta, pozik”.