427 mendizale bildu ditu Ondarroako Boga! mendi martxak
Atzo [apirilak 7] burutu zuten Zubi Zahar Herri ikastolaren eta Aurrera Mendi Taldearen ekimenez antolatutako mendi martxa.
Mendizaletasunaren erakusgarri, ondarrutar zein inguruko herrietako kirolariak batu ziren atzo [apirilak 7] Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastola inguruan, egunari gogoz heltzeko. 24 kilometro zituzten batzuk aurretik, beste batzuk, ostera, 14 kilometro. Denak ala denak, inguruko bazterrak ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen zuten.
Aurten bi ibilbide egon ziren aukeran, Euskal Herriko Iraupen Luzeko Zirkuiturako puntuagarria izaten zen 54 kilometroko ibilbidea ezin izan zuten egin. Hortaz, parte hartzean eragina izan du. 300 lagunek osatu zuten ibilbide luzea, 127 mendizalek, ostera, txikia. “Asteburuan denak bat egin du, Mutrikuko Berdel Eguna eta Athelticen finala. Horri ibilbide bat kentzea gehituz, eragina ikusi daiteke. Hala ere, guzti hori kontuan izanda datuak ez dira txarrak, alderantziz, egoera ikusita balorazio positiboa egiten dugu”.
Inguruko herrietako mendizaleen parte hartzea nabarmendu dute antolatzaileek, eta ibilbidea giro onean osatu zuten parte hartzaile guztiek. Gainera, ohi legez, asko eta asko izan ziren boluntario lanetan aritu zirenak eta horien lana azpimarratu nahi izan dute.