Borobila izan da 27. Berdel Eguna
1.600 kilo berdel erabilita prestatutako pintxoak eta berdel erreak eskaintza oparoa osatu zuen Mutrikuko portuan, eta jendeak ez zuen hutsik egin. Balorazio "oso positiboa" egin dute antolatzaileek.
Aurten ez ere ez du hutsik egin mutrikuarren egun handiak, karpa bete jende batu baitzuen zapatuan [apirilak 6] 27. Berdel Egunak. Goizean goizetik aste guztian egindako lanari jarraipena emanez, berdel pintxoak prestatzen aritu ziren boluntarioak Kofradia parean egunari heltzeko, eta herritar zein inguruko herrietakoek harrera ezin hobea egin zioten.
Boluntarioak izan ohi dira lanean aritzen direnak berdel preziatuaren pintxoak prestatzen, jai giroarekin gozatzera datozenentzat dena prest egoteko. Herritar, elkarte, jatetxe… denak ala denak lanean, arraina garbitzen, egosten eta pintxoak muntatzen. Urtero jende asko behar izaten da lanerako, hori dela eta, aurreko egunetan boluntarioei dei egin zieten udaletik. “Deialdia egin genuen lanerako jende asko behar izaten delako eta erantzuna paregabea izan da, pila bat jende etorri da laguntzera eta denetarako prest zeudenak gainera. Jende berri asko etorri da arrain egosia garbitzeko eta egunean bertan lan egiteko ere bai”.
1. 600 kilo berdel erabilita, hamar eratara egindako pintxoak banatu zituzten eguerdian, eta horietatik 700 kilo erreta eman zituzten. “Berdelaren gehiengoa erreta ematen da, eta gainontzekoa, marmitakoa eta pintxoak egiteko erabiltzen da. Urtetik urtera aldatzen joaten gara pintxoak”. Horrez gain, Ortizen berdel eskabetxea ere eskaini zuten.
Ohi bezala, eguerdia izan zen eguneko unerik gorena, 13:00etan eman zioten hasiera pintxo dastaketari eta jende asko hurbildu zen portura. 16:00etara bitartean, unerik gorena izan zela nabarmendu dute. “Boluntarioen beharra bereziki behar zen, jende asko ibili baitzen. Eguraldia lagun izan genuen, eta jendea hurbildu zen. Dena ondo atera zen, ez baizen inolako ezustekorik egon eta giro ezin hobea egon zen jende artean”.
Behin jai giroa hasita eta eguraldia lagun, jaiak ez zuen etenik izan, gauean kontzertuen hitzordua izan zen, eta jende asko mugitu zuten oholtzara igo ziren bi taldeek: Casus Belli eta Los zopilotes txirriaosek.