Jon Artanoren 'Juana' liburua aurkeztuko dute Mutrikun
Eguenean [apirilak 11] Zabiel Kultur Etxean aurkeztuko du idazleak Tene Mujika bekaren proiektu irabazletik abiatutako liburua.

Juana Jon Artano Izetaren liburuaren aurkezpenak hartuko du Mutrikuko Zabiel Kultur Etxea eguenean [apirilak 11] 18:30ean. Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko Tene Mujika beka irabazi zuen Artanok proiektuarekin.
Urte osoko ikerketan barrena aritu ostean, Juana Perea Plata da liburuaren protagonista, 1937an Bilbotik ihesi Bogotara iritsitako euskal familia batean jaiotako emakumea du ardatz. “Sei hilabeteko bidaia bat egin nituen Andeak ardatz hartuta eta lekuan bertan aurrez bildutako istorioak biltzen joan nintzen. Kolonbia izan zen azkenengo lekua eta bertan aurkitu nuen Juanaren historia. Izena Interneten sartu eta hiruzpalau datu irakurtzean segituan esan nuen ‘zein zen emakume hau eta zer egin zuen'”, azaldu du Artanok. Nerabetan etxetik alde egin zuen Juanak abentura bila Karibera; urpekaria izan zen, marinela izan zen, pirata izan zen… “ezarritako arauak hautsiz, mugak zeharkatuz, zoriontasunaren atzetik. 2020ko urriaren 29an parte txarreko gizon batzuek erail zuten arte”.
Familiarekin bildu zen Artano, ikertzen hasi zen eta pentsatu baino historia harrigarriagoa aurkitu zuen, baita bidelagun bilakatu zuen harribitxi bat ere. “Juanaren izebak bere haurtzaroko kontuak bilduz idatzitako oroitzapen liburu bat aurkitu nuen, familiako gazteenek familiako historia jakiteko idatzitako liburua”.