Pentsiodunen borrokak ez du etenik
Sei urte dira Lekeitioko Pentsiodunak borrokan hasi zirenetik, eta "irabazi arte" borrokan jarraituko dutela aldarrikatu dute. Horrekin batera, apirilaren 18an Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatutako manifestaziora joateko deia egin dute.
Apirileko lehenengo astelehenean sei urte bete ziren Lekeitioko Pentsiodunek euren borroka hasi zutenetik. Argi adierazi nahi izan dute gaurko [apirilak 8] elkarretaratzean ere borroka ez dela oraindik amaitu: “Sei urte pasa dira, eta berezia da guretzat. Guk argi daukagu kalean egon izan ez bagina baldintzetan aldaketarik ez litzatekeela egongo, eta nahiz eta lortu nahi dugun guztia oraindik ez dugun lortu, horretan ari gara. Duela sei urte bezala, astelehenero elkartzen jarraitzen dugu, 12:00etan, udaletxeko eskaileratan”.
Lekeition ez ezik, eskualdean ere pentsiodunen mugimendua indartsu dagoela azpimarratu dute, eta erraza ez den arren, aurrera jarraituko dutela: “Ondarroan, Aulestin, Mutrikun edo Lekeition bertan, esaterako, mugimendua martxan dago, eta dauden oztopo guztiak ikusita ez da erraza aurrera egitea. Hala ere, gogoz eta ilusioz egiten dugu dena, eta borrokan jarraituko dugu, irabazi arte”.
Hori horrela, Euskal Herriko gainontzeko pentsiodunekin indarrak batuta ekingo diete lekeitiarrek euren seigarren urteari, eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) deitutako manifestaziora joateko deia egin dute: “Apirilaren 18an manifestazioa egongo da Gasteizen, eta hauteskundeak datozela aprobetxatu nahi dugu politikariek ikus dezaten borrokan jarraitzen dugula”.
Barikuan [apirilak 12] egingo dute manifestazioko nondik norakoak aurkezteko prentsaurrekoa, eta EHPM-ko ordezkaritza zabala egongo da Donostian. 12:00etan ekingo diote aurkezpenari, Boulevardeko Kioskoan: “Bertan, apirilaren 21ean amaituko diren hauteskunde autonomikoen aurrean, gutxieneko pentsioen 1.080 euroko osagarriaren alde butzatzen ari garen kanpaina zabalaren berri emango da. Bereziki azpimarratuko dugu apirilaren 18an Gasteizen egingo den pentsiodunen manifestazioaren deialdia”. Era berean, aldarrikapen horren alde udaletan aurkeztutako mozioen emaitzen berri ere emango dute.
Lekeitioko Pentsiodunek nabarmendu nahi izan dute 220.000 pentsiodun baino gehiago daudela 1.080 euroko pentsiora heltzen ez direnak: “Askok 700 euroko pentsioa dute, eta 10etik 7 emakumeak dira. Jendeak etxeko lanen kontzientzia har dezan nahi dugu. Ez zaigu batere ondo iruditzen etxean lanean aritu direnek jubilatutakoan pentsiorako eskubiderik ez edukitzea eta gizonen soldataren menpe egotea. Galdera bat botatzen dugu askotan, jendeari pentsarazteko: Nork esango luke bere amak lanik ez duela egin?”.