Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea
Egituran eta forman berritasunak daude. 34 bertsolarik lortuko dute Udaberrian kantuan aritzeko txartela. Maiatzaren 10an izango da Mutrikuko saioa eta sarrerak eskuragarri daude.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea hastear dago. Apirilaren 25ean hasita 20 saio jokatuko dira, bi itzulitara, eta maiatzaren 10ean Mutrikuk hartuko du sailkapen faseko saioa. 74 bertsolarik abiatuko dute kantuan aritzeko lehenengo itzulia, baina, horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulira. Udazkenean kantuan jarraitzeko aukera, ostera, 34 bertsolarik lortuko dute.
Apirilaren 25etik ekainaren 2ra bitartean 20 saio jokatuko dira, udaberria bertso artean abiatuz. “Pasa diren bi hilabeteetan aurreratzen joan garen gisan, aurtengo edizioak berezitasun ugari dakartza”. Berritasunen artean iraupena eta saio bikoitzak daude. Sailkapenak hilabete eta erdi inguruko iraupena izango du, 20 saio izango baita. Horrez gain, saioak bikoitzak izango dira, lehenengo itzuliko lehena eta azken izan ezik. “Lehen itzulian 12 saio izango dira, ostegun eta ostiraletan; bigarrenean, aldiz, 8, larunbat eta igandeetan”.
Egituraren berritasuna azpimarratzeaz gain, “forma bera ere” aldatu egin dela nabarmendu dute. “Ariketetan berritasunak daude, eta horien lanketaren atzean egon da Bertsogintza Batzordea, Talde Antolatzailearen baitan”. Egin beharreko ariketak ikusteko, egin klik estekan.
Saioetarako sarrerak eskuragarri daude jada Interneteko Bertso Sarrera atarian, eta prezioa 5 eta 7 euro artekoa izango da; Bertsozale elkarteko bazkideek eta gazteek izango dute sarrera murriztua eskuratzeko aukera. Mutrikuko saioa, maiatzaren 10ean izango dela zehaztuta dago, 19:00etan, Zabiel kultur etxeak hartuko du. Maddi Labaka Mayozek izango du saioa bideratzearen ardura eta sei bertsolari igoko dira oholtzara: Manex Astigarraga Bergara, Iñigo Gorostarzu Etxebeste, Izarne Zelaia Arratibel, Josu Ibarguren Elosegi, Ane Peñagarikano Leiva eta Jon Mendiluze Mujika. Sarrerak eskuragarri daude.