Billabaso Elkarteak irabazi du Etxebarriko 69. Pazkoetako Idi Proba
48 untza eginda, iaz bigarren egin zuen Billabaso Elkarteak irabazi du aurtengoan. Domekan zaldi probak egingo dituzte, bi txandatan banatuta.
Joan den asteburuan hasi, eta atzo [apirilak 8] amaitu zituzten Etxebarriko Pazkoetako Idi Probak. 69. sari nagusian guztira 11 parte hartzaile aritu ziren, hiru egunetan bananduta: apirilaren 5ean Lekanda, Mendigoitxi, Rafa Alegria eta Asador Iruña aritu ziren, apirilaren 7an, Zornotza anaiak, Zumeltzu, Elorrieta eta Igeldo, eta atzo [apirilak 8] berriz, Iñaki Lopategi, Billabaso Elkartea eta Soarte.
Hori horrela, idi guztiek 1.500 kiloko harria mugitu behar izan zuten herriko probalekuan. Iaz bigarren saria irabazi ostean, aurtengoan lehenengoa eskuratu du Billabaso Elkarteak, 48 untza eginda. Bigarren eta hirugarren postuetan, berriz, Soarte eta Zornotza Anaiak sailkatu ziren, 47 untza eta 1/4 eta 46 untza eginda.
Irabazleak 1.600 euro eta Ituarte Pentsuaken manta jaso zuen. Bigarren eta hirugarren irabazleek, berriz, 1.500 euro eta 1.400 euroko dirusaria lortu zituzten. Gainontzeko guztiek ere sariak jaso zituzten, 25 untza baino gehiago egin zituztelako. Zornotza Anaien ondoren, honakoak sailkatu ziren, hurrenez hurren: Iñaki Lopategi (44 untza), Mendigoitxi (42 untza), Asador Iruña (40 untza eta 3/4), Lekanda (39 untza), Rafa Alegria ( 39 untza), Zumeltzu (38 untza), Igeldo (36 untza) eta Elorrieta (35 untza).
Jesus Iriondo Etxebarriko alkatea pozik agertu da idi probek izan duten erantzunagaz: “Oso ondo joan dira, eta azken egunean, batez ere, jende asko etorri zen. Oso proba ederrak izan dira. Herritarrez gain, kanpoko jendea ere etorri da”. Probalariek, gainera, “maila oso ona” erakutsi dutela nabarmendu du: “Partaide guztiek probak ikusgarriak izan dira, batez ere astelehenekoak, marka guztiak ondu zituzten eta. Aurreko urteetatik partaide kopurua jaitsi egin da gaixotasunen eta krisiaren eraginez, baina, oraingoz txapelketa mantendu egin dezakegu, eta pozgarria da hori”.
Zaldi probak. Pazkoetako idi proben erreleboa hartuko du domekan [apirilak 14] jokatuko den zaldi probak. Hain zuzen ere, bost izango dira partaideak: Txibilter eta Ibekohondo ariko dira 12:30etan, eta Angel Txertudi, Fermin Santamaria eta Jatetxe Nabarniz, berriz, 18:00etan.