Beste behin ere duatloian maila ezin hobea erakutsita itzuli dira etxera Lekeitioko Garraitz Kirol Taldeko kirolariak. Joan den zapatuan [apirilak 6] Avilesen jokatu zen Espainiako Txapelketan parte hartu zuten Aner Larreategi eta Hodei Legarza, eta erraza izan ez zen arren, “emaitza onak” lortu dituzte bi gazteek.
Larreategik 16 eta 19 urte bitartekoen mailan lehiatu zuen, eta 00:56:24 markagaz, urrezko domina eskuratu zuen. Legarza, berriz, 20 eta 24 urte bitarteko mailan aritu zen, eta 00:59:42-ko denboragaz, zortzigarren postua eskuratu zuen. “Aipatzekoa da Larreategik maila guztien arteko bigarren denbora onena egin duela. Hau da, irteera bakarra egongo balitz 16 urtetatik 74 urtera arteko partaide guztiekin, bigarren sailkatua izango litzateke”.
Garraitz Kirol Taldeko ordezkariek azaldu dutenez, korrikan asko sufritu zuten arren, bizikletan oso eroso aritu ziren: “Eurek esan digute korrikan sekulako maila nabaritu dutela, baina hemen daukagun alde ona dela bizikletan ibiltzeko ditugun tokian gogorrak direla, eta Espainiara joaterakoan, nahiz eta aldapa batzuk egon, hemengoak baino errazagoak direla”.