Espazio publikoaren parte hartze prozesuak herritarren, ostalarien eta eragileen eskaerak bildu ditu
Talde bakoitzak egindako eskaerak zerrendatu dituzte eta jasotako ondorioetatik abiatuta ordenantza berria idatziko du udalak; maiatzerako prest egotea aurreikusten da.
Ondarroako Udalak abiatutako espazio publikoari buruzko parte hartze prozesuan 118 herritarrek, herriko sei eragilek eta 23 taberna/jatetxek parte hartu dute, eta jasotako iritziak kontuan hartuta ordenantza berria idazten ari da udala. “Parte hartze prozesuan jasotakoan oinarrituko da udal ordenantza berria, horretarako entzun baitira guztien iritziak”. Ordenantza berria maiatzerako prest egotea aurreikusten da eta aurkezten den momentutik hilabeteko epea egongo da alegazioak egiteko. “Behin hilabeteko epea amaituta, onarpena eman edo ez erabakitakoan, plenora eramango da behin betiko onarpena emateko, egoki balitz”.
Argi Begi bitartekaritza enpresa bat burutzen ari den parte hartze prozesuak bost fase ditu eta jada lau burututa daude. “Udalak inolako injerentziak edo inpartzialtasunak ekiditeko, bitartekaritza enpresa profesional baten esku utzi zuen prozesua”. Bitartekaritza enpresak alde guztiek emandako iritziak eta kezkak jaso ditu, eta orain, jasotakoan oinarrituta ordenantza berria idazten ari da udala. “Espero dugu behin behineko ordenantza maiatzerako prest izatea, eta behin betikoa udarako. Alegazio fasea amaitu, hauek aztertu eta plenotik pasa ondoren”, azaldu du Irina Alkorta Bedialauneta hirigintza zinegotziak.
Prozesuaren baitan egindako hausnarketa eta iritzi emateak alde batera utzita, eskaerak zerrendatu dituzte, herritarren eskaerak, ostalarienak eta eragileenak banatuta:
Herritarren eskaerak
- Losak oinezkoentzat izatea soilik.
- Bi espaloiko kaleetan bat osorik oinezkoentzat uztea.
- Tabernariek ez lagatzea herritarrei terraza handitzen (ez edukitzea mahai/aulkiak soberan).
- Udalak lizentzia guztiak berritzea.
- Udalak musika limitadoreak jartzea eta kontrolatzea.
- Kanpoko material guztia kateatuta edukitzea, herritarrek gauez ez erabiltzeko (zarata, zikinkeria…).
- Tabernek inbertitzea, bestela kategoria errespetatzea.
- Lurra berriz markatzea.
- Terraza zerbitzuak hobetzea (ezin eskatuta barruan eta garbiketa gehiago).
- Karga deskarga goizegi dela (komertzioek eta bizilagunek behar dutelako).
- Mahai kopurua murriztea kontsumitzaileak banatzeko.
- Udan malgutasuna edukitzea 2-3 mahai gehiago ipintzeko.
- Hautsontziak ipintzea.
- Alboko herrietan baino beranduago ez ixtea, (“bestela hona datoz (alkoholaren kontsumoa) eta kalte herriari”).
- Aisialdi mota ezberdinak bultzatzea.
- Herriko biztanleriara orekatzea taberna kopurua.
Eragileen eskaerak
- Losetan terrazak ez ipintzea (zutik kontsumitzea, betiko leku naturaletan eta ez molestatu pasatzeko, errazago kendu).
- Pandemiaren aurrekora gutxienez bueltatzea.
- Terrazen zerbitzua hobetzea (Irisgarritasun Legea ez badago, bereziki).
- Udalak lizentzia guztiak berritzea.
- Udaltzainak kale ekintzak bermatzea edota ordu horietan terrazak ez egotea (egun eta ordu gutxi).
- Udan ulergarria mahai kopurua handitzea (2-3 mahai).
- Ibilbide naturalak ez kentzea, (“ezin da izan nola iritsi behar garen pentsatzen ibili behar izatea (gurpildun aulkiak areagotu egin dira)”.
- Loa errespetatzea.
- Terrazeo aisialdia besteen gainetik ez ipintzea.
- Udaltzainek autoritatea eskuratzea.
- Oreka ostalari eta herritarren artean.
Ostalarien eskaerak
- Udalak zonaldeka ekintzak burutzeko baimenak ematea (kontsumitzaileak banatu eta bizilagunek atseden hartu).
- Bakoitzak bere kategoria errespetatzea, “horrela kexa gutxiago egongo delako”.
- Oinezkoentzako guneak ixtea (arriskua ekidin eta lanerako hobeago).
- Paperezko edalontzi eta platerak ibiltzea (poltsa biodegradagarriak udalak).
- Terrazak zerratu, udalaren proiektupean.
- Bolumen kontroladoreak.
- Udan mahai gehiago ipintzeko aukera, ordainduz.
- Aurretik zegoena ez kentzea, behintzat (arazoa dutenengan esku-hartu soilik)”.
- Tabernak ixtean zerbait uztea, (botilak gordetzeko).
- Terrazak markatzea loreontzi eta abarrekin (estetika).
- Txosnei eta Gaztetxeari arau berdinak ipintzea.
- Jaietan malgutasun gehiago izatea.
- “Guk lehenago itxi eta herriko gazteak beste herrietara doaz gauez” (kotxe istripu arriskua…).
- Herritarrek ere bere jokabidea hobetzea.
- Udaltzainek moduak zaintzea.
- Udalak eskaerei erantzutea.
Udalak iazko urrian ipini zuen martxan herriko espazio publikoari buruzko parte hartze prozesua, terrazen eta espazio publikoko beste elementu batzuen kokapenak sortutako eztabaidagatik, “batez ere terrazen eta beste hainbat elementuren kokapenak eta hartzen duten espazioak herritarrengan eta herriko elkarte eta agente desberdinengan denbora luzez eragindako ezinegonarengatik”. Udaletik zehaztu dutenez prozesuaren helburua da herritarrak, tabernariak eta herriko talde eta eragileak entzun eta guztien iritzietatik abiatuta ordenantza berri bat idaztea. “Udaletik uste izan da ordenatze ariketa bat beharrezkoa zela, gatazka handitzen ez joateko eta dagoeneko enkistatuta zeuden hainbat eztabaidari irtenbidea ematen ahalegintzeko. Azken batean elkarbizitza sustatu bai, baina horretarako arau sendo eta betegarriak ezartzea da xedea, denok izateko herriko kaleetan zein etxeetan gustura eta lasaitasunez egoteko eta ibiltzeko aukera”.