200 lagunetik gora elkartuko dira Akanpadaren 45. urteurreneko bazkarian
Markina-Xemeingo XAT taldeak Akanpadaren 45. urteurrena ospatuko du zapatuan [apirilak 13], egun osoko egitarauagaz.
Berezia da Markina-Xemeingo XAT taldeak antolatzen duen akanpada, eta berezia izango da euren 45. urteurreneko jaia ere. Hain zuzen ere, zapatuan [apirilak 13] jarri dute hitzordua XAT-eko kideek, eta egun osoko egitarauagaz, ezin borobilago ospatuko dituzte Akanpadaren 45 urteak: “Eguneko ekintzak zabalik daude herritar guztientzat, eta bereziki, akanpadaren parte izan direnentzat”.
Hori horrela, goizean goiz ekingo diete egunari. 10:00etan Uhagoneko erakusketa gela jarriko duten argazki erakusketa zabalduko dute: “Azken hamarkada denetako akanpadetako argazkiak bildu ditugu”. Ostean, Uhagoneko belargunean gaztetxoenen txanda izango da. 8 eta 12 urte bitartekoek txoko desberdinetan banatuta jolasak egiteko aukera edukiko dute: tailerrak, herri kirolak, aurpegia marrazteko txokoa, marrazteko txokoa… Goizagaz amaitzeko, 12:30ean bideo proiekzioa egingo dute Uhagoneko kafetegian: “Argazki eta bideoak batu ditugu, eta horren proiekzioa egingo dugu”.
Bideo proiekzioaren ostean, Uhagonetik herrigunerantz joango dira denak, karro poteoa eginaz: “Musika jarriko dugu. Patxua tabernan hasiko da poteoa, eta bazkalordura arte martxan egongo gara”. Azken geltokiaren ostean Bekobenta Eskolako Frontoira joango dira denak: 200 lagunetik gora elkartuko dira bertan, elkarrekin bazkaltzeko.
Bazkalostean ere, ez dute aspertzeko astirik edukiko: “Jolasak, musika… XAT-eko talde bakoitzak bere abesti propioa dauka, eta ahaleginduko gara lehengo taldeak berreskuratzen eta talde horien abestiak abesten, akanpadaren omenez”. Horrekin batera, akanpadako “jolas mitikoak” ere egingo dituzte: “Badaude jolas batzuk akanpadako bereziak direnak, eta horiek ere egin nahi ditugu”. Egunagaz ezin borobilago amaitzeko, 18:00etan Peña Poteo elektrotxarangak girotuko du iluntzea.
Urteurren borobila. Lehenengo akanpadan 20 ume elkartzetik, 2000. urte inguruan 40 ume elkartzeraino, eta azken urteetan, aforoa jarri behar izateraino heldu dira XAT-eko kideak: “2000. urtetik aurrera gero eta ume gehiago elkartzen hasi ziren, eta sekulako arrakasta edukitzen hasi zen akanpada. Markina-Xemeinen oso berezia den ekintza da, eta baita XAT-en ekintza nagusiena ere. Gauza asko aldatu dira lehenengo akanpadetatik hona; urte osoko lana da hori antolatzea, baina merezi du”. Hori horrela, antolatzaileek argi zeukaten 45. urteurrena ospatzeko zerbait antolatu behar zutela: “Honekin ospatuko dugu urteurrena, honekin borobilduko dugu dena”.