Muruetagoienaren ahotsa, Indarkeriaren Oihartzunak dokumentalean
Zapatuan [apirilak 13] Donostiako Victoria Eugenia antzokian eskainiko dute Giza Eskubideen Zinemaldiaren baitan. Udal ordezkariak egongo dira.
Indarkeriaren Oi(h)artzunak Esteban Muruetagoiena ondarrutarraren bizitzako pasarteak jasotzen dituen dokumentala eskainiko dute zapatuan [apirilak 13] Donostiako Victoria Eugenia antzokian.
Tamara Murueta alabaren ahotik jaso dituzte testigantzak eta Ander Iriarte eta Amaia Merino zinegileek dokumentalean bildu eta pantailaratu egin dute. “ETAk bere familia bahitu eta espainiar estatuak aita torturapean hil eta 40 urtera, Tamara Muruetagoienak egiaren eta justiziaren bilaketa nekaezina egin du. Tamarak aurrez aurre familiaren tragedia kontatzen du”.
Proiektuak Ondarroako Udalaren babesa izan du, hortaz, Donostian egongo dira udal ordezkariak Giza Eskubideen Zinemaldiaren baitan egingo den zapatuko emanaldian, 19:00etan. Sarrerak eskuragarri daude Interneten.