Faktura elektronikoan aurrezteko tailerra egingo dute Andraetxean
Lekeitioko Andraetxeak eguaztenero irekitzen ditu bere ateak, eta datorren eguaztenean [apirilak 17] faktura elektronikoan aurrezteko tailerra eskainiko dute, 18:00etan.
Andraetxeak martxan ipini ditu bere engranaje guztiak aurten emakumeentzako espazio bat zabaldu eta bertan ekintzak eskaintzeko. Bazkide bakoitzak urtean bi eguaztenetan txanda egiteko konpromisoa hartu du, eta trukean, Andraetxean nahi duen ekintza egiteko aukera edukiko du. Eguazten horietan, ekintzaren bat antolatzeko aukera dute bazkideek. Hori horrela, datorren eguaztenean [apirilak 17] faktura elektrikoan aurrezteko tailerra eskainiko dute.
Tailerra 18:00etan hasiko da, eta ez da izenik eman beharko. Antolatzaileek azaldu dutenez gutxi gorabehera ordu eta erdiko saioa izango da: “Ingeniari elektroniko batek emango du tailerra, bere txanda denez hala erabaki duelako. Bereziki emakume zaurgarriei egin nahi diegu tailerrera etortzeko deia, eta eurengana heltzen saiatzen ari garen arren, ez da erraza. Hala ere, interesa duen edozein emakume etor daiteke”. Hala, tailerrera bakoitzak bere faktura elektronikoa eroan beharko du: “Asmoa da bakoitzak bere faktura ekarri, eta denon artean aztertzea ea nola egin dezakeen faktura hori merketzeko”.