Finalistak argitzeko bidean
Bihar [apirilak 12] Euskal Herriko gizonezkoen Elite Txapelketako finalaurrekoak lehiatuko dira Miruaitzen. Lea-Artibai eta Mutrikuko ordezkaritza nabarmena da.
Mutrikuko Miruaitz pilotalekua goi mailako zesta-puntako partiduak hartzen ari da gizonezkoen Elite Txapelketaren baitan, eta azken txanpari heltzeko unea ailegatu da; bihar [apirilak 12] finalerdiak lehiatuko dituzte 19:00etatik aurrera eta Lea-Artibai eta Mutrikuko ordezkaritza ondo ziurtatuta geratu da.
Ligaxka faseari amaiera emanda puntuazio altuena lortu duten lau aurrelariak eta lau atzelariak izango dira finalerako txartela lortzeko lehiari ekingo diotenak. Aurrelarien artean Antxon etxebarritarra, Goitia markina-xemeindarra, Urreisti mutrikuarra eta Zelaia egongo dira. Atzelariak, ostera, Suso gasteiztarra, Manzi mutrikuarra, Atain markina-xemeindarra eta iazko irabazle Bailo noaindarra izango dira. 19:00etan emango diote hasiera ikuskizunari eta bikoteak jada osatu dituzte puntuazioak kontuan hartuta:
- Antxon/Suso – Goitia/Manzi
- Urreisti/Atain – Zelaia/Bailo
Liga faseko jardunaldiak doan izan dira, baina iaz bezala, finalaurrekoetara sartzeko sarrera eskuratu beharko da 5 euroren truke. Biharko norgehiagokan aurrea hartzea lortzen dutenek txapelketako final handia lehiatuko dute apirilaren 19an.