Markina-Xemeingo hezkuntza foroaren hirugarren saioa egingo dute astelehenean
Bigarren saioko erronkei heldu eta hurrengo pausuak zehaztuko dituzte. Horrez gain, taldea egonkortzeko ere erabakiak hartuko dituzte.
Markina-Xemeingo herri hezitzaileak martxoaren 4an elkartu ziren bigarren saioa egiteko, eta astelehenean [apirilak 15], 18:15ean, Uhagonen elkartuko dira hirugarren saioa egiteko.
Bigarren saioaren balorazio positiboa egin zuen Markina-Xemeingo Udalak; herriko hainbat hezkuntza eragilek parte hartu zuten OinHerri herri hezitzaileen sareak dinamizatu zuen saioan. Ametsetako Markina-Xemeinek eduki beharreko baloreak erabaki zituzten lehenengo saioan, eta bigarrenean, berriz, balore horietako bakoitzean dituzten erronkak aztertu eta lehentasunen arabera banatuko zituzten.
Hirugarren saioan, hain zuzen ere, erronka horiei helduko diete: hezkidetza proiektua beste esparru batzuetara zabaltzea, kulturartekotasuna eta euskara, eta haur eta gazteen parte hartzea. Eman beharreko hurrengo pausuak zeintzuk diren erabakiko dituzte: “Ekintza zehatzak erabaki eta plangintza zehatz bat diseinatuko dugu. Horretarako, garrantzitsua da herritarrak, kultur eta kirol taldeetako kideak eta herrigintzan aritzeko gogoz dagoen edonor hezkuntza foro honen kide izatea”.
Horrez gain, hezkuntza foroaren funtzionamendu zehatza ere nolakoa izango den zehaztuko dute: “Nortzuk elkartuko garen, noiz… Apur bat taldea egonkortzeko saiakera egin nahi dugu”.