Elizpe Rock, txiki bezain goxo, handi eta berezi
Askotarikoa askotarikoentzat. Hamalau taldek musikatuko dute VI. Elizpe Rock, gaur [apirilak 14].
Horien aurretik, baina, herriko musikariak izan dira protagonistak. Azkenengo urteetan ohitura bihurtu den legez, trikitixa eskolako umeen doinuek girotu dute elizpea.
Aiaraldeko Burbuilak taldeko kideak izan dira oholtzaratzen lehenengoak, 17:15ak aldera. Euren hitzetan, “plazerra izan da Etxebarrian lur hartzea”. Publikoagaz batera, bazkalostea konpartitzeko ilusioz agertu dira, eta herri txikiak handi direla azpimarratu dute: “Gu ere txiki bezain goxo, handi eta berezi sentiaraziko gaituzuela ziur gaude”.
Aiama bermeotarrarena izango da aurtengo jaialdiaren azkenengo kontzertua. Gero eta ezagunagoa egiten ari den jaialdia da Etxebarrikoa, eta Euskal Herriko hamaika txokotatik etorritako musikariak batuko dira gaur bertan. Horien artean, Soa talde mutrikuarra eta Lea- Artibaiko hiru talde taularatuko dira: Irai (Ondarroa), Shibari (Ondarroa) eta Mitosia (Lekeitio). “Aurreko urtean ekarri genituen lehenengoz Lea-Artibaiko kanpoko taldeak, eta aurtengo jaialdia askoz ere zabalagoa da. Eguraldia ere benetan ederra da, eta pozik gaude”. Antolatzaileek esan bezala, arratsaldeko orduetarako “eskaintza pixka bat lasaiagoa” daukaten taldeak aukeratzen dituzte, eta gauean, berriz, rock indartsuagoa jotzen dutenak, “publikoa ere desberdina izaten delako arratsaldean eta gauean”.
Bakoitzak bere eskaintzaren onena erakusteko 45 minutuko kontzertua eskainiko du.
Egitaraua:
- 17:15. Burbuilak (Aiaraldea).
- 18:00. Aitor Regueiro (Oñati).
- 18:45. Irai (Ondarroa).
- 19:30. Zaparrada (Usurbil).
- 20:15. Frenillo Fakturao (Bilbo).
- 21:00. Blakkat Mentxu (Enkarterri).
- 21:45. Golden Blend (Bergara).
- 22:30. Horzdun (Hondarribia).
- 23:15. Mitosia (Lekeitio).
- 00:00. Shibari (Ondarroa).
- 00:45. Soa (Mutriku).
- 01:30. Aiama (Bermeo).