Dantzari gazteek hartu dituzte Lekeitioko kaleak
Umeen euskal jai eguna ospatu dute asteburuan Lekeition. Guztira ia 200 dantzari eta musikari elkartu dira bertan; antolatzaileak "oso pozik" geratu dira egunagaz.
Lekeitioko Etorkizuna Dantza Taldeko kideek umeen euskal jai eguna ospatu zuten zapatuan [apirilak 13]. Eguraldi ezin hobeago batekin, guztira ia 200 dantzari eta musikari elkartu ziren Lekeitioko kaleetan. Dantzari lekeitiarrak ez ezik, Amorotoko, Markina-Xemeingo, Gautegiz Arteagako, Mutrikuko, Elorrioko eta Bilboko taldeetako dantzari gazteek ere parte hartu zuten.
Etorkizuna Dantza Taldekoek eguna “oso ondo” joan zela azpimarratu dute: “Sei talde gonbidatu eta Lekeitioko bat izan genituen herrian, eta oso ondo joan zen dena. Atean batu ginen hamaiketakoa egiteko, eta 12:00etan, kalejira egitearekin batera, Talara joan ginen”. Bertan egin zuten eguneko lehenengo dantzaldia, eta handik plazarako bidea hartu zuten. Ostean, bazkaltzera joan ziren: “Herriko ikastetxeetako jantokietan banatu genituen dantzariak. Gurasoek eman zieten jaten kanpoko umeei. Arratsaldean, berriz, erromeria eduki genuen plazan”.
Kanpoko dantzariak guztira 120 inguru izan zirela azaldu dute antolatzaileek: “Dantzari eta musikarien artean 120-125 gonbidatu inguru izan genituen. Horiez gain, herriko dantzari eta musikariak guztira 70 inguru izan ziren”. Jende mordoa elkartu zen Lekeitioko kaleetan, eta Etorkizunako kideek egunaren “oso balorazio positiboa” egin dute: “Umeei zuzendutako eguna da, eurak dira ardatz: euren dantzaldiak egiten ditugu eta umeen taldeak mugitzen ditugu, eurei ere garrantzia eta tokia emateko. Gu oso pozik geratu gara egunagaz, sekulako eguraldia egin zuen gainera”. Ikusle aldetik ere “jende mordoa” egon zela nabarmendu dute, bai herrikoak eta baita kanpokoak ere.