ETB1eko 'Ametsen arbola' saio berria aurkezteko ikuskizun solidarioa egingo dute bihar Lekeition
Barikuan [apirilak 12] Lekeition saioetako bat grabatu zuten; bihar [apirilak 16] emanaldia eta ikuskizun solidarioa egingo dituzte.
Barikuan [apirilak 12] telebistako kamera eta argiek hartu zuten Lekeitio, eta ETB1eko Ametsen Arbola saioa grabatu zuten herrian. Euskal herritarren ametsei heldu, eta horiek betetzea da programaren ardatza; Euskal Herriko eskola publiko eta ikastoletako umeen ametsak ezagutu eta bete egingo dituzte.
Hori horrela, herritar guztien laguntza eskatu dute Lekeitioko ikastetxeetatik: “Ikuskizun solidario bat egongo da herriko musikari garrantzitsuekin. Bakarrizketak ere ez dira faltako, eta pertsonaia ezagunak ere ez! Ezin gehiago kontatu…”.
Ikusgarri Zinema Aretoan ipini dute hitzordua, bihar [apirilak 16], 18:00etan. Xabier Madariagak aurkeztuko du ekitaldia, eta laister ETB1en ikusgai egongo dela azaldu dute. Sarrerak salgai daude Lekeitioko Azkue Natura Ikastolan, bi euroren truke; egunean bertan ere eskuratu ahalko dira zinemako lehiatilan. Ikastolako, eskola publikoko nahiz herriko guraso, irakasle eta ume nahiz gazteei luzatu diete bertaratzeko gonbidapena.