"Guztiz arrakastatsua" izan da Lekeitioko organoa zaharberritzeko proiektua aurkezteko kontzertua
Zapatuan [apirilak 13] kontzertua eskaini zuten herriko hainbat musika taldek, organoa zaharberritzeko proiektua aurkezteko. Kontu korronte zenbaki bat jarri dute herritarren eskura, bakoitzak ahal duena eman dezan.
Andra Mariaren Zeruratzea basilika jendez goraino bete zen zapatuan [apirilak 13]. Lekeitioko Basilikako Organoaren Lagunak elkarteak bertan dagoen A. Cavaille-Coll organoa zaharberritzeko proiektua martxan ipini gura dute, eta herritarrei proiektua aurkezteagaz batera, kontzertua eskaini zuten herriko hainbat musikarik.
Antolatzaileak pozik agertu dira herritarren erantzunagaz: “Guztiz arrakastatsua izan ziren bai kontzertua eta baita proiektuaren aurkezpena ere. Askok ez dakite Lekeition daukagun altxorra; A. Cavalle-Coll organoak 170 urte daramatza gure elizan, eta gaixorik dago, zaharberritu egin behar da”. Hori horrela, kontzertua eskaini eta borondatea eskatu zieten herritarrei: “Lanek 600.000 euroko aurrekontua dute, eta ezinbestekoa izango da dirua denon artean lortzea organoa konpondu nahi badugu”.
Ez ziren, gainera, nolanahiko musikariak izan kontzertua eskaini zutenak. Urtzi Iriondo mutrikuarraren gidaritzapean aritu ziren Lekitto Musika Bandakoak, Oihana Etxabe mutrikuarraren gidaritzapean, berriz, Kilin Kala abesbatzakoak, eta Itxaro Mentxarak astindu zuen Koruko Nesken batuta. Horiez gain, Aitor Olea, Gorka Sierra eta Jesus Maria Bollar organistak, Ainhoa Gojenola oboe-jotzaileak eta Mikel Uskola kontratenoreak ere bertan aritu ziren, Asier Uskola dantzariagaz batera. Antolatzaileek azaldu dute ahal izan duten guztiak elkartu dituztela, denak ez dauden arren: “Hau herritarrekin eduki dugun lehenengo harremana izan denez, espero dugu beste kontzertu asko eman ahal izatea, eta herriko guztiek parte hartu ahal izatea”.
Laguntzeko bidea. Azaldu dutenez, zaharberritzea egiten ez bada, kalteak “itzulezinak” izan daitezke: “Organo erromantikoetan aditua den organogile batek egingo du lana. Premiazkoa da tresna sakonki eta duintasunez zaharberritzea”. Hori horrela, kontu korronte bat jarri dute herritarrek euren aportazioak egin ahal izateko: ES15 2095 0050 3191 2378 3521.