Isuntzak lau bandera eta Ondarroak bat eskuratu dituzte Bizkaiko Batel Txapelketan
Atzo [apirilak 14] Sestaon aritu ziren eskualdeko arraunlariak. Hainbat bandera eskualdera ekartzeaz gain, beste hainbat mailatan lehiakor aritu dira lehenengo postua eskuratu nahian.
Sestaoko uretan aritu dira Ondarroa Arraun Elkarteko eta Isuntza Arraun Elkarteko kideak. Atzo [apirilak 14], Bizkaiko Batel Txapelketa jokatu zen bertan, eta zapore ezin gozoago bategaz itzuli dira etxera eskualdeko arraunlariak. Kategoria denetan maila ezin hobea erakutsi dute bi klubek, eta baita hainbat garaipen lortu ere. Isuntzak, lau bandera eskuratu ditu, eta Ondarroak, bat.
Ondarrutarrak emakumezkoen ume mailan izan ziren onenak, eta 05.05,92ko denboragaz garaipena lortu zuten. Kategoria berean hirugarren postuan sailkatu zen Isuntza, 05.14,58ko denbora eginda.
Gizonezkoen ume mailan berriz, Isuntza izan zen onena: 04.47,48ko denboragaz bandera eskuratu zuten lekeitiarrek. Ondarroa, berriz, laugarren sailkatu zen, 05.08,40ko denboragaz.
Era berean, Isuntza beste hiru kategoriatan ere nagusi izan zen. Emakumezkoen alebinen artean 02.31,35eko denbora lortu zuten bandera eskuratzeagaz batera. Ondarroa, berriz, hirugarren geratu zen, 02.47,07ko denboragaz.
Gazteen bi kategoriak ere, lekeitiarrek irabazi zituzten. Emakumezkoek 10.13,08ko denbora egin zuten, eta gizonezkoek, berriz, 09.09,00koa. Ondarrutarrak ere ez ziren atzean geratu, eta gazte gizonezkoen mailan bigarren postua eskuratu zuten, 09.13,50eko denbora eginaz.
Txapelketa lehiakorra. Gainontzeko mailetan ere lehiakortasunez aritu ziren eskualdeko arraunlariak. Ondarrutarrak lehenengo postua irabazteko lehian aritu ziren beste bi kategoriatan ere. Kadeteen mailako emakumeek 07.33,83ko denbora egin zuten, bigarren postua lortuz; bandera Kaikuk eskuratu zuen, 07.31,46ko denboragaz. Absolutuen emakumezkoen mailan ere, bigarren postua eskuratu zuten, 10.09,00ko denboragaz; lehenengo postua Kaikurentzat izan zen, 10.05,61eko denbora egin baitzuten.