Mutrikuko turismoak gorakada nabarmena izan du Aste Santuetan
Gipuzkoarrak eta madrildarrak izan dira nagusi bisitarien artean.
Bisitarien helmuga edo pasabide izan da Mutriku Aste Santuan eta Pazko Astean; %46 igo da bisitarien kopurua iaztik. Mutrikuko Turismo Bulegoak jasotako datuek turismoaren gorakada nabarmena izan dela argitzen dute, eta bisitarien gehiengoa gipuzkoarra dela.
Aste Santuko lehenengo astean ibili da bisitari kopuru handiena, baina Pazko Astean ere gorakada egon dela nabarmendu dute. “Aurtengo Aste Santuan, martxoak 24tik 31ra, pasaden urtean baino %46 bisitari gehiago izan ditugu Mutrikun. Pazkoa Astean ere, iazko urtearekin alderatuz, bisitariak %34an igo dira”. Bisitariak herritik igaro dira, baina herrian gaua igaro dutenen datuak, ostera, txikiagoak dira; bisitarien %8ak igaro baitu gaua Mutrikun.
Bisitarien jatorria izan ohi da bildutako datuen bereizgarri garrantzitsua eta horiei erreparatuz, gipuzkoarrak izan dira bisitarien artean nagusi. Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako turismoa izan da jasotako bisitarien artean %33a; bizkaitarrak %10, gipuzkoarrak %23 eta arabarrak %0,5. Espainiako estatuko bisitariak ere datu nabarmena suposatu dute (%58); madrildarrak %18, gaztela-leonetik etorritakoak %16 eta kataluniarrak %10. Atzerritarrei dagokionez, %3ko datua batu dute.