Osakidetza hobetzeko bideak landu ditu EH Bilduk
Barikuan [apirilak 12] Larraitz Arriola eta Rebeka Uberaren solasaldia hartu zuen Ondarroako Kofradia Zaharrak.
Osasun Sistema Publiko sendoa egituratzea erdigunean ipinita Osakidetza “zutik jartzea” lortzeko bideen inguruko solasaldia eskaini zuten Larraitz Arriola familia mediku eta osasun publikoan adituak eta Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak.
Osakidetzaren egoera zein den landu ostean, EH Bilduren proposamenak izan ziren solasaldiko lanketa nagusiak. Herritarrei garaiz eta denboran lehen arretara, espezialitateetara eta gainerako tratamenduetara sarbidea ziurtatzea; Osakidetza indartuaz eta deribazioak alboratuaz itxarote zerrendak murriztea eta lan egiteko moduak aldatzea dira EH Bilduren proposamen zerrendako lan ildoetako batzuk.
Alameda hartu zuen eguaztenean [apirilak 10] EH Bilduren ekitaldi politikoak, Oihana Etxebarrieta eta Julen Arzuaga hurbildu ziren herrira alderdiaren lan ildoez aritzera. “Gu ez gatoz hona inor ordezkatzera, programa bat betetzera gatoz nazio auzian eta maila sozialean eraldatzailea izan nahi duen programa eta konpromisoa dira gureak. Gure herriak anbizio nazionala berreskuratu behar du, osakidetzan bezala, baina baita etxebizitza eskubidearen alde ere zaintza sistema publikoaren gainean politika eraldatzaileak egiteko momentua da orain”.