Bandera etxeratu du Mutriku Arraun Taldeak
Gipuzkoako Batel Txapelketako emakumezkoen ume kategorian nagusitu dira mutrikuarrak.
Pasai San Pedrok hartu du asteburuan Gipuzkoako Batel Txapelketa, eta puntako maila erakutsi dute Mutriku Arraun Taldeko arraunlariek; bandera irabazita etxeratu dira emakumezko umeak eta hirugarren postua eskuratu dute, ostera, kadeteek.
10:25erako prest zeuden Mutrikuko umeen kategoriako neskak. Indarrez heldu zioten lehiari eta nagusitasuna lortu zuten, ziabogara ere lehenengoak izan baitziren ailegatzen (02:34). Lehiaren buruan joanda, ondo eutsi zioten tenkadari eta banderaren jaun eta jabe izan ziren, 05:14,02ko denbora osatuaz.
Kadeteen mailako nesken txanda, ostera, 11:20an ailegatu zen; bigarren kalea zen mutrikuarrena. Irtenaldiarekin batera gogor hasi ziren mutrikuarrak, baina Tolosaldea eta San Juanek aurrea hartu zuten eta lehenengo ziabogan bost segundoko tartearekin ailegatu ziren, mutrikuarrak hirugarrenak izanik. Bigarren ziabogara heldu orduko, tartea handitu zuten lehenego biek, eta hirugarren postuarekin amaitu zuten txapelketa mutrikuarrek.