Familientzako elikadura eskola eskainiko dute Aulestin
Izena emateko epea zabalik dago. Lehenengo saioa apirilaren 23an izango da.
Familientzako elikadura eskolak bi hitzordu dakartza Aulestira, biak ala biak, apirilean egingo dira udaleko areto nagusian. Lehenengo saioan egungo elikadura eredua aztertuko da, eta horrekin batera, alde negatiboak mahai gaineratuko dira. “Elikadura osasuntsu eta jasangarriaren mito faltsu guztiak agerian jarriko dira”. Bigarren saioan, ostera, ikastetxeetako jantokiak eraldatzen joateko gakoak eta ideia praktikoak landuko dituzte.
Parte hartzeko interesa dutenek izena eman beharko dute aniztasuna@aulesti.eus posta elektronikora idatzita. “Ez ahaztu saioan zenbakia edo izena zehaztea. Umeen kasuan, izen-abizenak, adina, harremanetarako telefono bat eta jakin behar dugun informazio garrantzitsua zehaztu mesedez”.
Saioetan umeak zaintzeko Txikigunea antolatu dute Katiuska eta Katiluren eskutik eta autonomia eta askatasuna bultzatzen duten jolasak egingo dira. Lehenengo saioan, amantal bat egingo dute eta roll jolasean ariko dira; bigarrenean, ostera, fruta pintxo eta zukuak prestatuko dituzte. “Gutxienez bost ume apuntatu behar dira eta bi urtetik gorako umeentzat izango da”.
Egitaraua
- Apirilak 23. Nork erabakitzen du jaten duguna? 17:00etatik 19:00etara, udaleko areto nagusian.
- Apirilak 30. Nola hobetu dezakegu jantokietako elikadura? 17:00etatik 19:00etara, udaleko areto nagusian.