Final handiaren atarian
Goitiak eta Manzisidorrek Zelaia eta Bailoren aurka jokatuko dute Gizonezkoen Elite Mailako Euskadiko Txapelketa, barikuan [apirilak 19].
Mutrikuko Miruaitz pilotalekua Gizonezkoen Elite Mailako Euskal Herriko Txapelketaren azkenengo fasera ailegatu da: finalen txanda iritsi da. Iragan barikuan finalaurreko partiduak lehiatu zituzten eta, beste behin, ikusleek gogo onez erantzun zuten: harmailetan giro paregabea nagusitu zen.
Ligaxka fasean puntuaziorik handienak poltsikoratutako puntistek lehiatu zituzten finalerdiak. Lehen norgehiagokan, Goitiak eta Manzisidorrek 2-1ekoagaz lortu zuten finalerako txartela, Antxonen eta Susoren aurka. Lehenengoak lehen setean 15-11 aurreratuagatik ere, 15-12 berdindu zuten bigarrenek. Hirugarren setean, Goitiak eta Manzisidorrek zalantzei edozein ate zarratu zioten: 5-0 gailendu ziren.
Urreisti-Atain eta Zelaia-Bailo bikoteen arteko bigarren neurketa ere berdinketa haustean erabaki zen. Lehen seta oso berdindua izan zen: Urreisti eta Atain 15-13koagaz aurreratu ziren. Bigarrenari dagokionez, are estuagoa izan zen, baina markagailuak Zelaiaren eta iazko garaile Bailoren alde egin zuen; 14-15ekoagaz, tanto bateko alde murritzagaz, nagusitu ziren. Azken setean, beste tanto bategatik lortu zuten Zelaiak eta Bailok finalerako txartela: 4-5.
Finala orduko, hirugarren eta laugarren postuak zehazteko norgehiagoka lehiatuko dute
Barikuan jokatuko dute txapelketako final handia, horrenbestez, Goitiak eta Manzisidorrek Zelaiaren eta Bailoren kontra. Partidu estua, borrokatua eta berdindua dago aurreikusita, eta ikusleei Miruaitzera bertaratzeko deialdia luzatu diete antolatzaileek. Ligaxka jardunaldietako partiduak doakoak izanda ere, hala finalaurrekoak, nola finala ikusteko, bost euroko sarrera ordaindu beharko da. Txapelketako hirugarren eta laugarren postuak zehazteko norgehiagoka ere jokatuko dute barikuan, finala orduko, finalerdietan galtzaile suertatu ziren bikote bien artean. Zesta-puntaren ikuskizuna 19:30ean abiatuko da.