Maiatzaren 12an egingo dute Lekeitioko mendi martxa
Bi ibilbide egongo dira aukeran, 20 kilometrokoa eta 10 kilometrokoa. Izen ematea zabalik egongo da maiatzaren 6ra arte.
Urteroko hitzordu bilakatu da lekeitiar askorentzat urtero egin ohi dute mendi martxa. Aurtengorako ere jarri dute jada hitzordua: maiatzaren 12a. Mendi martxan izena emateko epea zabaldu dute jada, eta maiatzaren 6ra arte zabalik egongo da; Lekeitioko Udalaren webgunean edo Santi Brouard Kiroldegiko harreran eman daiteke izena.
Helduek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta 14 urtetik beherakoek, berriz, 10 euro. Hori horrela, bi ibilbide edukiko dituzte aukeran: luzea eta laburra.
Luzea aukeratzen dutenek 20 kilometroko ibilbidea egingo dute. 08:00etan plazan elkartu eta Talaiarantz abiatuko dira, Kurutzebaltzerako (322 metro) bidea hartzeko. Hortik Zatika igaro, eta Mandolarre (270 metro) igoko dute. Kurtziara jaitsi, eta Mendexara igoko dira parte hartzaileak. Oletatik igaro eta Likoa pasa ostean, Lekeitioko plazara itzultzeko.
Ibilbide laburra aukeratzen dutenek, berriz, 10 kilometro egingo dituzte. 10:00etan hasiko dute ibilbidea, plazatik. Lea Ibilbidea egin eta Mendexara igoko dira. Hortik Paua, Likoa eta Loibetik pasako dira, Lekeitioko plazan amaitzeko.
Oparia. Izena emateagaz batera oparia jasoko dute parte hartzaileek; bi egun zehaztu dituzte oparia hartzeko. Maiatzaren 9an 16:30etik 18:30era eta maiatzaren 10ean 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era hartu ahalko da oparia. Azaldu dutenez, egunean bertan izena ematen dutenek baliteke oparirik ez jasotzea.