Oihana Kortazar: nagusitasuna igoera nahiz jaitsieretan
Oihana Kortazar Arantzetak Espainiako Txapelketa irabazi du trail eta kilometro bertikal kategorietan.
Oihana Kortazar Arantzeta Mutrikuko bizilagunak Espainiako Txapelketa poltsikoratu zuen iragan asteburuan, Avilan, kilometro bertikal eta trail modalitateetan. Zapatuan [apirilak 13], kilometro bertikaleko lasterketa lehiatu zuten. Peña Caballera mendira 7’5 kilometroko igoera egin behar izan zuten, 1.000 metroko desnibel positiboagaz: lehenengo 600 metroak asfalto gainean egin zituzten, eta gainontzeko tartea mendian. Asfaltozko zatian urratu zituen Kortazarrek, hain zuzen ere, lehen aldeak. Bere erritmoa ezartzea erabaki zuen, kale edo bale eginez eta aurkarien erasoaldiei aurrea hartuz. Azkenean, gai izan zen erritmo bortitz hari eusteko, eta tontorrera bakarrik heldu zen; Onditz Iturbe eta Bel Calero helmugaratu ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuetan.
Domekan [apirilak 14], 16 kilometroko mendi lasterketa lehiatu zuen Mutrikuko herritarrak. Normalean proba luzeagoak egin ohi dituen arren, maila handian agertu zen. Lehen 11 kilometroek goranzko joera zuten, eta azken bostak, ostera, aldapa behera egin zituzten, lurralde teknikoan barrena. Azken jaitsiera hori baliatu zuen Kortazarrek, bere kartak jokatzeko. Bezperako aurkari Iturbek, baina, bere ekinari gogor eutsi zion, eta aurrea hartzea ere lortu zuen. Hori bai, Kortazarrek ez zuen etsi, eta jaitsiera aprobetxatu zuen, garaipenerako bidea hartuz. Iturbe berriro bigarren sailkatu zen, eta podiuma Ikram Rharsallak osatu zuen. Garaipen horiekin, gainera, Europako Txapelketarako txartela eskuratu du Kortazarrek; ekainean egingo dute.
Oihana Kortazar Arantzeta: “Maiatzaren 18an, Munduko Kopako SkyRace Gorges du Tarn proban egongo naiz, Frantzian, Zegama-Aizkorri eta Europako Txapelketa baino lehen”
Lasterketak nonahi.
Lasterketotarako prestakuntza espezifikorik ez arren, garaipen bi lortzearren “oso pozik” agertu da Kortazar. Lehiatu ohi duen proba orotan “bere mailarik onena” ematen saiatzen dela nabarmenduta, datorrenari begira dago jadanik. Izan ere, hurrengo hilabeteak lasterketaz josiak datorzkio. Datorren asteburuan, Camovi mendi maratoia lehiatuko du Viveiron (Galizia), Zegama-Aizkorrirako prestaketa egoki legez. Ostean, Golden Trail Seriesko proba puntuagarri bat, Oñatiko Aloñara Igoera, egingo du. Maiatzean, Elorrioko Aldapegora probako irteeran egongo da. “Niri, berez elgetarra izanik, ilusio berezia egiten didan lasterketa horietako bat da, jaioterri alboan eta lurralde ezagunetan barrena egiten baita, hala nola, Intxora edota Udalaitz aldean”, argitu du. Ondoren, Frantziara joko du: “Maiatzaren 18an, Munduko Kopako SkyRace Gorges du Tarn proban egongo naiz, Frantzian, Zegama-Aizkorri eta Europako Txapelketa baino lehen”.
Zegama-Aizkorri urteak joan, urteak etorri lasterketa “kutuna” duen arren, ez da lehen mailako helburu izango Kortazarrentzat: “Hurreko jendea lasterketa da, etxekoa, eta horrek beti ilusio erantsia ematen dio; dena dela, hamargarren parte hartzea egingo dut aurten eta, gainera, birritan irabazi dut. Hortaz, dagoeneko gutxi samar du berritzailetik niretzat. Lasterketara oso sendo ailegatu nahi dut, baina etxekoen aurrean disfrutatzeko besterik ez. Golden Trail Seriesko proba puntuagarrietako bat izango da eta, alde horretatik, ondo ibili nahi nuke; hori bai, ez da inondik inora urteko helburua”.