Artibai ibaiko isuria ez da udalaren ekortzeko makinatik etorri
Isuriaren jatorria ez dela ekortzeko makinatik etorri baieztatu du Ondarroako Udalak, Ura Agentziako ikuskatzaileekin hitz egin ostean. Eguzki Talde Ekologistak zuzendu egin du egindako adierazpenak eta beharrezko azalpenak eman ditu.
Eguzki Talde Ekologistak Artibai ibaira astelehenean [apirilak 15] egindako gasolina isurketa salatu zuen eta jatorria udaleko ekortzeko makina bat zela azalduz, baina Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, Ura Agentziako ikuskatzaileek ziurtatu dute isuriaren jatorria ez dela ekortzeko makinatik etorri. Eguzki Talde Ekologistak emandako informazioaren zuzenketa egin du, barkamena eskatuz eta beharrezko azalpenak emanez.
Udalaren esanetan Ura Agentziako ikuskatzaileek lekua bisitatu eta laginak hartu zituzten, eta baita aipatutako ekortzeko makina aztertu ere. “Egunean bertan, Ura Agentziak udalari jakitera eman zionez, isuriaren jatorria ekortzeko makina ez zela baieztatu ahal izan zuten”.
Eguzki Talde Ekologistak emandako informazioaren zuzenketa egin du, Ura Agentziak bideratutako informazioa zela baieztatuz: “Hilaren 15ean Artbiai ibaira gasolio isuri bat gertatu zela salatu genuen, Ertzaintzaren eraikuntzaren ondoko aparkalekuaren parean, eta isurketaren jatorria udalaren ekortze makina bat izango litzatekeela, zati batean desmuntatuta zegoena estolda batetik gertu. Informazio hori Ura Agentziak eman zigun, eta agerikoa zela ziurtatu genuen. Ondoren, agentziak ukatu egin du makina horren jatorria denik”.
Talde ekologistak dagokion erantzukizunaren aurrean barkamena eskatu dio udalari. “Gure aldetik barkamena eskatzen diegu gure informazio okerrak eragin dien pertsona guztiei”. Horrez gain, isurketaren benetako jatorria zein izan den identifikatzeko eskatu dute: “Isurketaren benetako jatorria ikertzea eskatzen dugu. Izan ere, identifikatu ezean, berriro gertatzeko arriskua dago”.