Bakterioak aztergai, Zientziaren Giltzaken hitzaldian
Miren Basaras mikrobiologian adituak eskainiko du hitzaldia astelehenean [apirilak 22], 18:30ean, Kofradia Zaharrean.
Bakterioak, etsaiak ala lagunak? izenburupeko hitzaldia gidatuko du Miren Basaras Ibarzabal doktore eta mikrobiologiako irakasleak. 30 urteko ibilbidea oinarri duen adituak bakteriei buruzko hitzaldia eskainiko du astelehenean [apirilak 22], 18:30ean, Ondarroako Kofradia Zaharrean.
Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatutako apirileko hitzorduak ikusezinak diren zelula bakarrez osatutako izakiak izango ditu hizpide. “Munduan mota ezberdinetako milioika bakterio daude. Mikroorganismo horietako asko kaltegarriak dira eta gizakiengan zein animaliengan infekzioak eta gaixotasunak eragiten dizkie”.
Hala ere, adituaren esanetan badaude beste hainbat bakterio gizakiarentzako onuragarriak direnak, eta horietaz ere arituko dira hitzaldian: “Zorionez, beste bakterio asko gizakiarentzako onuragarriak dira bitaminak ekoizten dituztelako, elikagaiak digeritzen laguntzen dutelako edo beste mikroorganismo patogenoetatik babesten gaituztelako, besteak beste. Azken hauek gure mikrobiotako bakterioak dira, gurekin bizi direnak lagun moduan, eta gizakiaren eta bakterioen artean erlazio komentsala sortzen da, bientzako mesedegarria dena”.