Ikedi II eta Liher dira Amorotoko Pala Txapelketako lehenengo finalistak
Gaur [apirilak 18] eta bihar [apirilak 19] jokatuko dituzte gainontzeko finalaurrekoak, bi mailatan sailkatuta. Finala, berriz, apirilaren 27an izango da, Zerbeza Egunagaz batera.
Martxoa hasieran ekin zieten 32. Amorotoko Pala Txapelketari, eta finalaurrekotan murgilduta daude jada. Lea-Artibai eta Mutrikuko hogei bikotek eman dute izena aurtengo txapelketan: “Amorotokoez gain, inguruko herrietako bikoteek eman dute izena: Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Berriatua…”. Bi mailatan banatuta, hamabi bikote aritu dira bigarren mailan, eta zortzi, berriz, lehenengoan.
Ligaxka amaituta, martitzenean [apirilak 16] jokatu zuten finalerdietako lehenengo partida. Ikedi II.a-Liher kolore gorriagaz eta Txaparro-Garalde urdinagaz, gorriek eskuratu dute finalerako lehenengo txartela: 30-21 amaitu zuten partida.
Lehenengo finalistak erabakita, barikuan [apirilak 19] erabakiko dituzte lehenengo mailako bigarren finalistak: Jonpu-Epermendi bikotea ariko da Elordi-Lapazaran bikotearen aurka. 20:00etan jarri dute hitzordua.
Barikuan, gainera, beste bi hitzordu dituzte pilotazaleek. 19:00etan Goiogana-Okamina-Elordi hirukotearen aurka nork jokatuko duen erabakitzeko Landerrek, Baltzak eta Simonek jokatuko dute Ibonen eta Juaristiren aurka.
Era berean, gaur [apirilak 18], 19:00etan jokatuko dute Barru eta Argoitz ondarrutarrek Trontxo eta Burgain berriatuarren aurka. Partida polita aurreikusten dute antolatzaileek: “Barru eta Argoitz lehenengo postuak sailkatu ziren euren taldean, eta Trontxo eta Burgain, berriz, bigarren. Ondo ibili dira txapelketa guztian”.
Finala ate joka. Antolatzaileak pozik daude orain artekoagaz, eta txapelketa ere hala amaitzea espero dute: “Orain arteko dena ondo joan da. Iaz 22 bikote izan genituen eta aurten 20, normalean horren bueltan ibiltzen gara, beraz, pozik gaude. Ea txapelketa ondo amaitzen dugun”. Txalpetagaz amaitzeko, ipini dute finalerako eguna: apirilaren 27a. Azaldu dute Amorotoko Zerbeza Eguna ere egun berean ospatuko dutela, eta egitarau bateratua aterako dutela.