Txapelak Goitia eta Mantzisidorren buruetara egin du
Alex Goitia markina-xemeindarrak eta Mikel Mantzisidor mutrikuarrak 2-1 irabazi diete Martin Ormaetxea 'Zelaia' markina-xemeindarrari eta Ruben Bailo nafarrari, Gizonezkoen Elite Mailako Euskal Herriko Txapelketaren finalean.
Alex Goitia markina-xemeindarrak eta Mikel Mantzisidor mutrikuarrak Gizonezkoen Elite Mailako Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuten iragan barikuan [apirilak 19], Mutrikuko Miruaitzen, Martin Ormaetxea Zelaia markina-xemeindarra eta Ruben Bailo nafarra 2-1 menpean hartuta. Ikuslez beteriko jarraitzaileek maila handiko finalaz gozatu ahal izan zuten. Final borrokatua eta gorabeheratsua izan zen bikote bien aldetik. Izan ere, laurek maila handia erakutsi zuten, batez ere, atzelari biek. Era berean, Zelaia gaztea izan zen neurketako ezusteko atsegina; jardunaldiz jardunaldi egindako lan bikainaren gailurra harrapatu zuen, eta txapela atzamar puntekin ukitu.
Lehendabiziko setean, Goitia eta Manzisidor aurretik ibili ziren ia denbora guztian, 11-8kora arte. Tanto horretatik aurrera, Zelaiak eta Bailok beraien tokia topatu zuten partiduan, eta 11-12 aurretik ipintzera iritsi ziren. Aurrea hartu ez ezik, maila handia bistaratu zuten markina-xemeindar gazteak eta nafarrak; 12-15 gailendu ziren azkenean. Bigarren setaren hasieratik, argi eta garbi geratu zen Goitiak eta Mantzisidorrek bestelako joko moldea proposatuko zutela; lehenengo seteko akatsak zeintzuk izan ziren antzeman ondoren, joko eraginkorra kantxaratu zuten. Markagailua, hain zuzen, horren erakusle izan zen: 15-5 nagusitu ziren. Final handia, horrenbestez, berdinketa haustean erabakiko zen.
Hirugarren eta azken seta hil ala bizikoa izan zen, eta bikote biek zirt edo zart egin behar izan zuten. Tantoz tanto aurrera eginez, bietako batek ere ez zuen lortu kantxan dominatzerik eta, 4-4ko markagailuagaz, azken tantoan kale edo bale eginez erabaki zen partidua. Tanto hartan, Zelaiak errematera jotzeko aukera aparta eduki zuen, baina azkenean pilota atzealdeko koadroetara jaurti zuen, eta aurkariek, jarraian, ez zuten aukera alferrik galdu. Tanto luzeak hobeto egokitzen zitzaizkien Goitiari eta Mantzisidorri, eta azkenengoa ez zen bestelakoa izan. 5-4koa lortuta, txapelak Markina-Xemeingo aurrelariaren eta Mutrikuko atzelariaren burura egin zuen. Finalaz gain, lehiako hirugarren postua ere jokoan egon zen barikuan. Antxon Alberdik eta Julen Mandiolak EƱaut Urreisti eta Gorka Mugartegi Atain eduki zituzten aurrez aurre; hirugarren postua, lehia ederraren ostean, lehen bikoteak eskuratu zuen.
Konfirmazio urtea.
Zerbait ematekotan, txapelketaren konfirmazioa eman da aurtengo ekitaldian. Danok Bat klubeko antolatzaileek “lehia polita” ikusteko balio izan duela azpimarratu dute, eta ikusleen jarraipena nabarmendu. Mutrikuko lehiaketak harrobia sustatzeko habia egoki askoa dela frogatu du, baita maila handiko zesta-punta plazaratzeko ere. Aurtengo ekitaldiaren balorazioa, hortaz, “oso positiboa” izan da.