Amatasunaren politizazioa landuko dute Etxelilan
Ama ta Asunak dokumental erakusketaren aurkezpena eguenean [apirilak 25], Etxelilan.
Amatasuna erdigunean ipiniz, June Baonza Pagaldaik diseinatzaile grafiko eta ilustratzaileak Ama ta Asunak dokumental erakusketa aurkeztuko du eguenean [apirilak 25], 18:30ean, Ondarroako Etxelilan. “Proiektuak amatasunaren ideala deseraiki eta amatasunaren praktika bizigarriagoa egiteko erreferente eta diskurtso anitzak eskaini nahi ditu”.
Sei bizi esperientzia, sei hautu, sei elkarrizketa, sei obra grafiko, bideo bat eta instalazio bat oinarri. “Pribatutasunean gorde izan dena herriko plazara ateratzea bezala ulertu behar da amatasunaren politizazioa. Zenbat bete gabeko espektatiba jaurtitzen dira emakumeen bizkar gainera? Non biltzen dira hautu hau jarraitzen ez dutenen bizi esperientziak? Zer da alaba izatea?”.
Ama ta asunak proiektuak aipatutako galderei heltzea du helburu. “Adierazteko behar duten arnasgunea eskaini, azaleratu eta loratu daitezen. Gozamenari eta minari, duintasun berarekin tokia eskaini, bizigarriagoak izango diren espazioak sortzeko”.