Amorotoko Pala Txapelketaren irabazleak erabakiko dira zapatuan
Amorotoko hiru bikote eta Ondarroako bat sailkatu dira finalera. Zapatuan [apirilak 27] Zerbeza Egunaren baitan lehiatuko dira finalak.
32. Amorotoko Pala Txapelketa azken txanpan sartuta dago, finalerdiak jokatuta berritan finala lehiatuko duten bikoteak erabaki dira. Lehenengo mailan Jonpu eta Epermendik lehia bizia izango dute Ikedi II eta Liherren aurka. Bigarren mailan, ostera, Barruk eta Argoitzek aurrez aurre izango dituzte Ibon eta Juaristi.
Finalerdietako lehia ikusgarriak hartu ditu Amorotoko frontoiak, Ikedi II eta Liher izan ziren lehenengoak finalerdietarako txartela lortzen, eta atzetik jokatutako partidak estuak izan dira; hiru bikote amorotar eta ondarrutar bat sailkatu dira finalera. Lehenengo mailako bigarren finalerdia Jonpu/Epermendi eta Elordia Lapazaren aurkako lehia izan zen. “Lehenengoak aurretik joan ziren partidan eta zailtasun handirik gabe irabazi zuten: 30-12. Jonpu eta Epermendi izan daitezke faboritoak. Jonpuk urte askotan parte hartu du txapelketan, eta baita beste askotan txapela irabazi ere”, azaldu dute antolatzaileek.
Bigarren mailako finalerdiak lehiatuak izan ziren. Barru eta Argoitz ondarrutarrek osatutako bikoteak ikuskizuna eman zuen Trontxo eta Burgain berriatuarrekin batera. Partida oso gogorra izan zen, bi bikoteek maila ederra erakutsi zuten. “Tanto luzeak nagusitu ziren partidan eta maila antzekoa zutenez, partida dezente luzatu zen”. Azkenean, ondarrutarrek aurrea hartu eta finalerako txartela lortu zuten: 30-26. Lehenengo sailkatuak erabakita, Ibon eta Juaristi eta Okamika eta Elordiren aurkako lehia zegoen jokoan: bi bikote eta txartel bakar bat finalerako. Partida estu joan zen, baina norgehiagokan aurrea hartu zuten Ibonek eta Juaristik. “Agian faboritoak Argoitz eta Barru izango daitezke. Urte gehiago dituzte eta esperientzia gehiago ere bai”, gehitu dute.
Zapatuan [apirilak 27] lehiatuko dira finalak Zerbeza Eguneko egitarauaren baitan, eta finalaurrekoetan bezala, jendea hurbiltzea espero dute antolatzaileek. “Finalaurrekoetan jendea ibili da frontoian. Bikoteen lagunak, familiakoak eta herrikoak etorri dira jendea ikustera. Giro polita egon da. Espero dugu finalera ere jendea etortzea, gainera Zerbeza Egunarekin batera izango da”.
Finalak amaitzean partida berezi bat egongo da. Frontoian ariko dira Txirloi, Imanol Agirre, Mikel Goñi eta Asier Del Horno.