Markina-Xemeingo hezkidetza programak, hizketagai
Udalak herriko egoeraren diagnostikoa egin du, eta bertan jasotako emaitzak azalduko dizkiete herritarrei bihar [apirilak 24], 18:30ean, kultur aretoan.
Hamar urte baino gehiago dira Markina-Xemeingo Udalak hezkidetza programen ardura hartu zuela, eta udaletik “modu kontziente batean” herriko ikastetxeetan programa ematen ari direla. Herritarrei orain arte egindakoa azaltzeko asmoz, bihar [apirilak 24], kultur aretoan elkartuko dira, 18:30ean.
Azaldu dutenez, 2023 urtearen amaieran Murgibe aholkularitza enpresarekin harremanetan jarri zen udala, orain arteko hezkidetza programaren inpaktuaren inguruko diagnostiko bat egiteko; horixe izango da, hain zuzen ere, bihar aurkeztuko dutena. “Diagnostikoa egin ostean ateratako ondorioak elkarbanatuko ditugu herritarrekin, herriko egoera zein den azalduko dugu. Horrez gain, aurrera begira ditugun erronkak zeintzuk diren ere zehaztuko ditugu”.
Saioa dinamizatzen, udaleko ordezkariez gain, Guztiok elkarteko Gaizka Tovar eta Murgibeko Garazi Calle ere egongo da. Tovarrek hezkidetza programak eman ditu eskoletan, eta Callek, berriz, diagnostikoa egin du: “Alde batetik, gurasoen artean galdetegiak egin zituen. Bestalde, eskolekin ere egon da, zuzendaritza taldeekin, esaterako, elkarrizketak egin ditu. Azkenik, hezkidetza programa horiek jaso dituzten 16 eta 24 urte bitarteko gazteekin ere talde elkarrizketak egin ditu. Hau da, hezkidetza programa honetan parte hartu duten eragile guztiekin batu da diagnostiko osatu bat egin ahal izateko, bai eskolekin, bai gurasoekin, eta baita gazteekin ere”.
Herritarrei, deia. Udaleko ordezkariek azpimarratu dute herritar denei begirako saioa izango dela: “Zuzen-zuzenean hezkuntzarekin lotuta dauden eragileentzat interesgarria izango den arren, herritarrentzat ere oso interesgarria izango da. Herri hezitzaile ikuspegitik denok gara egoeraren erantzule, eta konpromisoak denok hartu behar ditugu. Denok gara egoeraren ondorio, eta era batean edo bestean, hori aldatzeko konprisoa ere denok hartu beharko genuke”.