Ortugintza modu profesionalean ikasteko aukera Markina-Xemeinen
Maiatzaren 15ean abiatuko da ikastaroa eta ekainaren 26ra bitartean 28 orduko ikastaroa eskainiko da. Izena emateko epea zabalik dago.
Ortugintza modu profesionalean ikasi nahi dutenei zuzendutako Oinarrizko ortugintza ekologikoa ikastaroa eskainiko dute Markina-Xemeinen. Lea-Artibaiko 16 eta 36 urte bitartekoei bideratutako ikastaroa da eta izena emateko epea zabalik dago.
Udal Gaztedi Lea-Artibai programaren baitan Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lea-Artibaiko hamabi udalerriek babestutako ikastaroa da Lea- Artibaiko Landagarapen Alkarteak eta Leartibai Fundazioak elkarlanean antolatu duena eta 28 ordu edukiko ditu. “Modu honetan ortugintza ekologikoan oinarrizko ezagutzak jasotzeko eta lehen sektorean laneratu nahi duten gazte eta ekintzaileei aukera hau eskaini nahi izan zaie”.
Ikastaroak baratze-enpresa batean ekiteko oinarrizko eta beharrezko kontzeptuei buruzko prestakuntza teoriko praktikoa eskainiko da: “Ereiteko lursaila prestatzea, espezieak eta horien erabilera, landatzea edo ereitea, gaixotasunak eta izurriak, teknika agroekologikoen bidezko kontrola etabar..”.
Maiatzaren 15ean abiatuko da ikastaroa eta ekainaren 26ra bitartean eskainiko dira saioak, arratsaldez, 15:30etik 19:30era. Izen ematea lotura honen bitarteaz egin beharko da.