Sagarmendi eta Zulaika, Gipuzkoako Txapelketako finalean
Maiatzaren 18an jokatuko du finala Luis Zulaikarekin batera, Donostiako Atano III pilotalekuan.
Gipuzkoako pilota egokituko XIV. Txapelketako finalistak erabaki dira. Maiatzaren 18an, Atano III pilotalekuak hartuko dituen finalean ariko da Eneko Sagarmendi mutrikuarra, Luis Zulaika zumaiarrarekin batera. Txapelketan maila ederra erakutsita finalerako txartela lortu du bikoteak eta Erik Gaton donostiarra eta Jurdan Arakistain zestoarra izango dituzte aurrez aurre.
Hiru partida jokatu ditu bikoteak txapelketan eta denak ala denak poltsikoratzea lortu dute. Azkoitiko pilotalekuak hartu zuen lehenengo norgehiagoka Joseba Altuna oreretarra eta Ibai Gomen errenteriarraren aurka, baina nagusitasun osoz aurreratu ziren Sagarmendi eta Zulaika, 15-4ko markagailua ezarriz. “Aurkariak oso urduri zeuden eta gu, ostera, partiduan guztiz sartuta geunden”.
Bigarren partida Iraitz Huegun donostiarraren eta Josu Arratibel ataundarraren aurkakoa izan zen, hemen ere maila ederra erakutsi zuen bikoteak eta 15-9ko markagailua etxeratu zuten. Higarren eta azken norgehiagoka zapatuan [apirilak 20] Segurako Baratze pilotalekuan jokatu zuten, Erik Gaton donostiarra eta Jurdan Arakistain zestaoarren kontra, eta markagailu berdina errepikatu zuten: 15-9. “Azken bi partidak estuak izan dira, nahiko gogorrak, baina xehetasunetan askoz hobeto egon ginen. Finalera ailegatzeko txapelketaren gakoa gure arteko komunikazioa izan da. Ilusio handia egiten dit finala jokatzeak, eta amets bat da Atano III pilotalekuan egin ahal izatea”.